"Nolabaiteko harrapaketa egon da Lamuzako Parkean"

Aitor Aspuru Saez 2014ko ots. 5a, 08:57

JUAN CARLOS NAVARRO (Laudio, 1943) herriko historian aditua da. Berak esaten duen moduan, ez du sistema finkorik, bakarrik bilatzen ditu Laudioren inguruan dauden ahalik eta erreferentzia gehien. Cadizen bizi da orain eta bertako liburutegitan ematen ditu ordu asko egunkari zaharretan (XIX. mendekoak, adibidez) Laudiori buruzko informazioen bila. Lamuza Parkearen historia oso ondo ezagutzen du.

 

 

JUAN CARLOS NAVARRO (Laudio, 1943) herriko historian aditua da. Berak esaten duen moduan, ez du sistema finkorik, bakarrik bilatzen ditu Laudioren inguruan dauden ahalik eta erreferentzia gehien. Cadizen bizi da orain eta bertako liburutegitan ematen ditu ordu asko egunkari zaharretan (XIX. mendekoak, adibidez) Laudiori buruzko informazioen bila. Lamuza Parkearen historia oso ondo ezagutzen du.



Zein da parkearen historia?

Urkijo Landaluzeko kide bat, Estanislao, Izoriako zena jatorriz, Laudiora etorri zen bizitzera umea zenean. Bere osaba batekin, apaiza zena. Hemen ikasi zuen eta gero Madrilera jo zuen beste osaba batekin.

Estanislao de Urkijok Madrilen dirutza egin zuen. Bankuen munduan irabazi zuen dirua hain zuzen ere. Berak maite zuen lurralde hau eta ahal zuenean Laudiora etortzen zen.

Lursail batzuk erosten zituen hemen eta ingurutan (Okondo, Orozko...). Bere asmoa zen leku horietan bere etxea erakitzea, baina bolada baterako, bere negozioak Madrilen jarraituko baititu.

1860. urtean Laudiora etorri zen eta eraikin baten erosketa kudeatu zuen. Orue sendiaren etxea erosi zuen. Sendi garrantzitsua zen garai horretan eta bertan bizi zena apaiza zen. Etxe hori handituko du: frontoia eraiki zuen 1880. hamarkardan, ura jarri zuen 1870ean gutxi gorabehera...

Lursaila eraldatuko du. XX. Mendeko 30. hamarkadan kasinoa eraiki zen. Antzerkia, gaur egun Musika Etxea gisa ezagutzen duguna, 20. hamarkadan egin zuten.

Horrela joan zen eraikitzen parkea. Guk jatorrizko etxea gisa ezagutzen duguna, Turismo bulegoa bere baitan duena (harrizko eraikina, gainerakoak: euskaltegia eta abar, geroago eraiki ziren) hori Udalarena da, gainontzekoa Foru Aldundikoa da.

Aldundiak erosi zuen eta Caja de Ahorros Provincial-ek liburutegia eta erretiratuen lokala duten eraikinak egin zituen.

Aldundiak Laudioko Udalari utzi zion parkearen erabilera, baldintza batzuekin. Batzuen eta besteen utzikeriagatik Gaztelu bezala ezagutzen dugun eraikinaren zati almenaduna bota zen aspaldi, adibidez.

Parkearen erreferentziak daude XIX. Mendeko argitarapenetan. Adibidez, El Oasis-en, "Viaje al país de los fueros" testuan, Mañé y Flaqué-k aipatzen du nolakoa den jauregia, markesa... Becerro de Bengoak ere idatzi zuen Arabaren inguruko liburu bat XIX. Mendearen bukaeran. Partzuergoaren eskolei buruz hitz egiten zuen, gaur egun Lanbide Heziketaren eraikina dena.

Urkijoko Markesa pertsona oso diruduna zen eta jende askok jotzen zuen beregana mesedeak eskatzera. Azkenengo guda karlistaren ondoren lortu zuen berak Markesaren titulua.

Lehen Markes hau onbera eta errukiorra zen. Aberatsa zen, diputatua izan zen Madrilen eta Madrilgo alkatea ere izan zen. Batzuentzako paternalista zen. Ni ez naiz sartuko balorazio politikotan. Dena den, lehen Markesa izan zen Laudiora begira zeozer egin zuena. Laudioko Elizaren arkupea eraiki zuen, daukagun iturri artistikoa... Dolumin Barikuko azoka Markesaren diruarekin antolatzen zen. Garai batean berak ordaintzen zituen sariak.

Bigarren Markesak lehen Markesaren urratsak jarraitu zituen eta bere aurrekoak sortutako hainbat erakunde mantenduko ditu (ezkongabeko emakumeentzat, lehen ikasketak sustatzeko, azokak egiteko...). Hirugarren edo laugarren markesak ez zuen horrekin jarraitu, lehen markesak jarritako dirua ez baitzuen gehiegi balio garai horretan eta.

Bigarren eta hirugarren markesek bizitza sozial oso zabala zuten. Laudioko herritik oso urrun. Madriletik ekartzen zituzten gauzak. Laudio oso txiki geratzen zen haiek egiten zituzten gauzen alboan. Alfonso XIII erregea egon zen, politikari ospetsuak (Castelar, Eduardo Dato...), artista famatuak... gehienbat bigarren eta hirugarren markesek gonbidatu zituztelako. Lehen markesak ez zuen bereziki gogoko jaia.

Hemerotekan (estatu mailan) erreferentzia asko topatu ditut.

Bestalde, Markesa Boluetan eta Etxebarrin zeuden tailerren bazkidea zen eta horregatik ikus ditzakegu parkean burdinezko azpiegiturak.

Hasiera batean azpiegitura horiek Aretan usten ziren Aretako Gasteizko bidetik hurbilago zegoelako. Baina Markesak 1931n Laudioko geltokia eraiki zuen eta garrantzitsuena bilakatu zen. Gainera zubia ere eraiki zuen ahalik eta bide motzena egiteko parketik geltokira.

Hori baino lehen geraleku bat zegoen Laudion baina bigarren gerra karlistan erre zuten. Horren konponketa ere lehen Markesak ordaindu zuen gehienbat, titulua eskuratu baino lehen, herriak ez baitzuen dirurik konponketei aurre egiteko.

Nik Bolarqueko Markesa ezagutu nuen. Laugarren belaunaldikoa zen. Bere anaiak eraman zuen Urkijoko Markesaren titulua lehenago jaio zelako eta berak parkearen inguruko historia ugari kontatu zizkidan.

Nola joan da galtzen parkeko ondarea?

Lehenik eta behin, nolabaiteko "harrapaketa" egon da. Jatorrizko etxean zegoen ezkutua ere, harrizkoa zena, eraman dute. Aldundiari saldu baino lehen Udalari eskaini zion Markesen administratzaileak.

Markesak Foru Aldundiari saldu zionean administratzaileak eraman zituen gauza ugari. Markesak hil zituztenean, berarekin nengoen negoziatzen ikertzeko zenbat gauza eraman zituzten.

Administratzaileak -diruzale hutsa- saldu ez zuena eraman zuen. Aulkiak eta guzti eraman zituen, nahiz eta baliorik ez izan.

Eraman zezakeen guztia (harrizko beltxargak, adibidez) erama zuen. Gauza horiek Markesak Madrilen duen etxean bukatu zuten.

Litekeena da senideek ere gauzak eramatea. Niri Nacho Urkijok, Bolarqueko Markesak, kontatu zidan tximinia baten aurreko partea zuela bere etxean.

Bestalde, Foru Aldundiak Laudioko Udalari eman zionean parkea erabiltzeko aukera, udalak hainbat kontu kendu zituen (hesiak, gehienbat) bere mantenua ahalik eta erosoen eta merkeen izan dadin.

Beste kontu bat da eraikinen mantenua. Hori ez da egin.

Igerilekua zegoen lekuan kantxa bat jarri da eta bolatokia ere instalatu dute. Eta lorategia zaintzen da.

Pintadak agian, arrazoi politiko-sozialak direla eta Udalak ez dira kentzen eta ez dute itxura oso ona ematen. Gauza batzuk zaintzen dira eta beste batzuk ez.

Musika Etxea adibidez ez da zaindu.

Ni umea nintzenean bertan antzezlan bat ikusi nuen, "Genoveva de Bravante", hain zuzen ere. Markesak noizean behin antolatzen baitzituen horrelakoak.

 

Zenbat eraikin desagertu dira?

Zaindariaren etxea bota zen. Parkearen sarreran zegoen. Parkea egiteko bota zuten. Ez dut arrazoi zehatza ezagutzen, agian paisaia gehiegi eragozten zuen.

Kotxe-tokiak ere desagertu dira beste eraikin batzuk egiteko (liburutegia eta abar). Frontoiaren atzean zeuden. Tailerrak eta aroztegia zituen hor konponketak egiteko.

Hori guztia Caja Provincialek erosi zituen eraikinak egiteko, lehen aipatu dudan bezala.

Kasinoa hormatuta dago. Markesak oparitu zion bere emazteari. Eraikina baino, jaia oparitu zion, bertan jaiak egiteko bere urtebetetzean.

Hasiera batean lau dorretan oinarritutako eraikina zen. Gero beste solairu bat egin zioten burdinezko azpiegitura baten bitartez. Nahiko eraikuntza harrigarria omen da. Ez du zutaberik erdian, lau dorretan oinarritzen da.

Aisialdirako bere lekua zen, ez herriarena.

 

Guda zibilean zer gertatu zen?

Errepublikarrek eta abertzaleek okupatu zuten eta koartel gisa erabili zuten. Zaindaria hil zuten. Galdetu zioten armarik zituen eta honek esan zuen ezetz, baina miaketa egin ostean armak topatu zituzten eta Bakiolako bihurgunetan hil zuten. Duela gutxi hor bazegoen estatua bat oroitzeko.

Gotorleku bat eraiki zuten hegazkin bonbardaketen aurka.

Gauza normala zen okupazioa. Hainbat eraikin okupatu zituzten egun horietan. Aretan etxe handia okupatu zuten -egun Onieva dagoen lekuan- eta ospitale militar bilakatu.

Garai horretan Laudio zeozer izan bazen bere kokapena eta Markesei esker izan zen. Erregeak etortzen zirenean Donostira, aristokraziako jende ugari ekartzen zuten eta horiek ere haien etxeak hor zituzten. Haien hurbil egotearren.

Markesa etortzen zenean aristokrazia hori gonbidatzen zuen eta Laudiora etortzen ziren karabana bat osatuz. Jendea ateratzen zen harrera egitera eta lorezainak landarez egindako arkuak egiten zien.

 

Jende asko zuen Markesak kontratatuta?

Pertsona asko zituen bai. Lorezainak, arotzak, zerbitzariak, umeak zaintzeko emakumeak... Markesaren sendia berez, bera, emaztea eta bere seme-alabak ziren.

Baina udan hemen jende asko egoten zen. Ogasun kontuak zirela eta berarentzat lan egiten zuen jendeak hemen zuen errolda. 150 pertsona inguru zeuden erroldaturik. Baina jende horrek ez zuen urte osoan zehar Laudion lan egiten. Berez, jauregia erdi hutsik dago hilabete askotan urtean zehar. Udan parkea etengabeko jaia zen eta zerbitzari asko etortzen ziren Madriletik.

Zerbitzuan zeuden Laudioar ugarik Madrilen lan egiten zuten.

Beste batzuk, lorezaina adibidez, Laudion zeuden beti. 30 edo 20 agian.

Nire aitona, adibidez, iturgina zen eta Markesarentzat lan egiten zuen noizean behin. Gogoratzen dut nire amonak kontatzen zuela Markesak mirabea bidaltzen zuela nire aitonaren bila.

 

Aberastasun botanikoaren inguruan zer esan daiteke?

Markesak oso naturzaleak ziren. IV. Markesa adibidez berreskuratu zuen Aiarako oiloa. Lorianako Markesa hain zuzen ere. Baserriz baserri joan zen oilo mota hori berreskuratzeko.

Aholkulari botanikoak ere bazituzten. Adibidez, José Oruetak Belgikan egon zen ikastaro batzuk egiten Markesak ordaindu zituelako. Bere lana bazen erosten ziren landareak leku aproposenean jartzea lorategitan.

Horregatik hainbeste zuhaitz daude parkean, haien interes pertsonala izan zelako. Markesen artean batzuk ikasketa nahiko arruntak zituzten, agronomoa, adibidez. Ez ziren ekonomistak.

Laudion egindako gauza askoren inguruan ez dakigu gauza handirik, lan horien administrazioa berea baitzen. Eskolak, elizako arkupeak... adibidez. Eta lan horien dokumentazioa haien esku geratu da.

Ni saiatu nintzen hori ikertzen, baina Markesak erahil zituztenean aukerarik gabe geratu nintzen.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide