Laudioko Alkatea Natxo Urkixok baieztatu du Lamuza Parkeko Musika Etxea eraikinari eusteko lanak abiatu dituela Foru Aldundiak. Astelehenean hasi zituzten lanak, alegia. Pasa den ostiralean Foru Aldundiko arkitektoak bisitatu zuen Musika Etxea horretarako.
Hedabidetan argitaratu da 6000 euro inguru bideratuko dituela erakunde foralak helburu horiek betetzeko. Natxo Urkixok adierazi du eskatutako larrialdiko lanak direla. Eraikinaren habe bat indartuko dute -mugitu dena, hain zuzen ere- eta horretaz gain oinarriak ere sendotuko dituzte.
Fatxadan agertu diren arrakalei aurre egiteko gerriko antzeko bat jarriko dutela dorrean iragarri du alkateak.
Osteguneko manifestazioa
SOS Laudioko Lamuza Parkea Plataformak manifestazioa deitu du biharko. 18:30ean parkean bertan hasi eta Herriko Plazan bukatuko da 19:00ak aldera. Natxo Urkixo alkateak iragarri du parte hartuko duela mobilizazioan eta erakundeen lana ez ezik herritarrena ere beharrezkoa dela.