Laudio futbol klubeko jokalariek bost hilabete daramate kobratu gabe. Hala salatu zuten larunbatean Ellakurin Amorebietaren aurka jokatutako partiduan.
Azaroaren amaieran Arabako Foru Aldundiak klubari zor zion zatia ordaindu zion, 155.000 euro. Gaizka Bergara jokalariaren arabera, baina, ez dute oraindik soldatarik jaso: “Jendea kezkatuta dago, entrenamenduak, gasolina... diru sarrera gabe ezin dugu egin”. Laudio Futbol Klubak urtea amaitu baino lehenago ordainduko ziela esan zien: “Pilota handitzen ari da eta mahai gainean kolpe bat ematea erabaki dugu protestaren bidez”. Klubarekiko fideltasunagatik, ordea, lan berdina egiten jarraitzen dute. Bergararen iritziz, klubak pausoren bat eman beharko luke: “Azalpena ematea garrantzitsua izango da. Gu nekatuta gaude, denbora asko da kobratu gabe. Denok ez dugu futbolaz gain lanik egiten”. Aurrera begira ez dute protestarik aurreikusi. Klubak, momentuz, ez du adierazpenik egin.