Atzo egindako asanbladan Aiala Vidrio enpresako langileek onartu zuten zuzendaritza eta sindikatuen arteko lehen akordioa. Negoziazioaren bigarren fasea hasiko da berehala eta greba deialdia bertan behera utzi dute.
Langileen lehen helburua azkenengo lan erreformaren ondorioak saihestea zen eta hori lortu dute haien ustez. Horretarako greba egin zuten eta lanuzte mugagabeak egiteko prest zeudela iragarri zuten.
Esan bezala, igandean 22:00etan egin zuten 32 orduko protesta, hitzarmen kolektibo duina aldarrikatzeko asmoarekin.
Manu Manso ELAko ordezkariaren aburuz, hiru hilabete eman dituzte enpresarekin negoziaketetan mobilizazioetara jo baino lehen: “Langileen hitzarmen kolektiboan lan erreforma blokeatzeko klausulak jarri ditugu, baina ez dute onartu. Ez zaigu greba egitea beste irtenbiderik geratu”. Hobekuntzarik ez egotekotan otsailaren 3tik aurrera greba mugagabea egitekoak ziren: lau orduko lanuzte partzialak txanda guztietan. Alabaina, negoziaketa abiatzeko gutxieneko baldintzak onartu dituztenez bertan behera utzi dute.
Asteartean izan zuten enpresako zuzendaritzarekin bilera, eta gutxi gorabehera langileen baldintzak onartu zituztenez negoziatzeari ekin diote.
LAB sindikatuak aurrerapausotzat jo du astearteko bilera: “Erredakzio aldetik bada konforme ez gauden puntu bat: lan orduen malgutasunari dagokiona produkzioa areagotzeko. Akordiora heltzeko orraztu egin behar da orain”.
Langileen eskaeren artean ultraktibitatearekiko kezka dago, hitzarmen berria sinatu arte orain arteko baldintzekin jarraitzea nahi dute, hain zuzen ere. Bestalde, lan hitzarmena aplikatzeko aldebakartasuna ezin dela bidea izan adierazi dute; akordiora iristeko beharra dagoela, alegia.
Egoera ekonomiko onean
Aiala Vidrio eskualdean dagoen lantegi garrantzitsuenetakoa da, 391 pertsonei lana ematen baitie. Vidrala taldeari dago lotuta eta Laudion enpresak dituen bulegotan beste 129 beharginek egiten dute lan. Mansok azaldu duenez enpresaren egoera ekonomikoa “zoragarria” da, krisiaren gainetik igaro da eta urtero irabaziak izan ditu. Horregatik, batetik, lan erreformaren inguruan eztabaidatu nahi ez dutela salatu dute. Eta, bestetik, soldata murriztu eta lan orduak areagotu nahi dizkietela zabaldu.