Udalbatzak ez du onartu jaien antolakuntza herriko eragileen esku uzteko proposamena

Erredakzioa 2014ko urt. 31a, 00:52

Laudioko udalbatzak uko egin dio herriko festak jai batzorde batek kudeatzeko proposamenari. Ondorioz, Batzorde Paritarioaren esku geratuko da antolaketa.

 

Laudioko udalbatzak uko egin dio herriko festak jai batzorde batek kudeatzeko proposamenari. Ondorioz, Batzorde Paritarioaren esku geratuko da antolaketa.

 

Astelehenean egin zen Laudioko udalbatzan mozioa aurkeztu zuen jaietako asanbladak, festak gainbeheran daudela iritzita. Hasieran abenduko udalbatzara eramatekoak ziren eskaera, baina talde politikoekin banan-banan biltzean jaso zituzten ekarpenak interesgarriak zirela-eta, urtarrilera atzeratzea erabaki zuten. Jaietako asanbladak eskatutako jai ereduaren alde Omniak bakarrik egin zuen; PPk, Bilduk eta PSEk abstentzioa bozkatu zuten, eta EAJk kontra. Alderdi politikoek bi mozio alternatibo eraman zituzten: PSEk bat eta EAJ-Bildu taldeek bestea. Sozialistek, ordea, jaietako asanbladaren mozioa entzun ondotik haiena erretiratu egin zuten, festen eskumena elkarteen batzorde kolegiatu baten esku uztea eskatuz. Jaietako asanbladako mozioa ez zenez atera, EAJ-Bildurena bozkatu zen, Batzorde Paritarioaren defentsa egiten duena. Koldo Zabalak eta Maider Basterrak azaldu zutenez, herritarrek bultzatutako jai eredua sustatzeko eragile sozial, kultural eta politikoez osatutako gunea da onena, ordezkari politikoak barne. Hortaz, programazioa prestatzeaz lantalde bat arduratuko da, udal teknikariaren laguntza jasoko duena. Aurreratu dutenez, denborarekin aurkeztuko zaio egitasmoa Jaietako asanbladari, ondoren Batzorde Paritarioak onartu edo baztertu dezan.

 

Duela hiru urte aldatu zuten jaien eredua Laudion. Egungo sistemak hiru gune ditu: lan batzordea, jaietako asanblada eta batzorde paritarioa. Horrezaz gain, ordezkari politikoek batzorde informatiboak egiten dituzte.

 

Lan batzorde txikia kultur eragileek, jaietako zinegotziak eta teknikariak osatzen dute. Astero elkartzen da. Lantzen diren gaiak asanblada irekira eramaten dituzte, zeinetan nahi duen orok har dezakeen parte. Finean, proposamenek aurrera edo atzera egitea ahalbidetzen du asanbladak, baina ez da erabakitzailea. Bai, ordea, batzorde paritarioa. Azken horretan zazpina ordezkari politiko eta sozial elkartzen dira. “Teorian bertan hartzen dira behin betiko erabakiak, baina batzorde paritario hori legalki ez da existitzen, ez dago araututa”, dio Mikel Ayllon bertako kideak. Egoera horren aurrean jaietako asanbladan festak antolatzeko eredua aldatzeko proposamena egitea erabaki zen. Alegia, udalari asanbladak erabakitzeko eskumena izatea eskatu eta jai batzorde batek antolatzea; Laudioko auzoetako jaietan egiten den bezala. Jaietako asanbladak festetako eredua ez dela baliagarria esan du. Hortaz, batzorde paritarioan parte hartu edo ez kolokan egon liteke.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide