Larunbatean San Blas eguna ospatuko dute Laudion. San Blas Kukutxe elkarteak 20 urte daramatza azoka eta jaia antolatzen. “Feriak ez du interes komertzialik, baserriko bizitza erakusteko sortu genuen”, azaldu du Jesus Corredor elkarteko kideak.
Makina bat gosete arindu dituelako aukeratu zuten txerria protagonista gisa: “Antzinako arbasoei gosea kendu zielako merezi duen omenaldia egiteko hartu genuen ikur bezala”.
Azoka antolatzeko 20-25 pertsona aritu dira aurrelanetan. Egunean bertan, ordea, 50 bat aritzen dira laguntzen. Egun osoko egitaraua osatzen dutenez, baina, parte hartzea oso handia da: zanpantzarrak, txistulariak, dantzariak, abeslariak...
Txerriarekin batera soka izaten da nabarmentzen den elementua, bedeinkatuta dagoenez eztarria babesteko erosi eta ipintzen ditu jendeak.
Aurtengo txerriak Terentzio VII. du izena. Handia eta izugarria izaten dela dio Corredorrek; “errifa eta pisaketarekin giro berezia sortzen da”. Helduei ez ezik, haurrei ere urdaiazpikoa, txorizoa, solomoa... eta bestelako jakiak nondik ateratzen diren irakasten diete. Prozesu osoa jendaurrean egiten da: txerria bizirik dagoela ekartzen dute plazara, ondoren hiltegira eramaten dute eta ostean plazan erretzen dute. Garbitu eta tripak zabaldu eta gero, zintzilik jartzen dute apustuak egiten jarraitzeko. Izan ere, txerriaren gastuei aurre egin eta jaia finantzatzeko aberearen pisu zehatza asmatzeko apustuak egiten dira. Hala, txerriaren pisaketan kilo zehatza asmatu edo gehien hurbiltzen direnek txerria jasotzen dute sari: “Apustuak euro bat balio du. Iaz 389 kilo izan zituen eta 13 pertsonek asmatu zuten”.
Animalia laudion hezia izaten da. Lehen, Gastaka baserritik ekartzen zuten. Gaur egun, Ostenko baserritik: “Herrian ez denean egon kanpoan erosi dugu, baina zaindu eta elikatu herrikoek”. Aurtengoa hemeretzigarren edizioa izango da. 1994an hasi ziren egiten, baina 1995ean ez zuten jairik egin: “Eguna antolatzeko prestaketa egiteko hartu genuen urtea”.
Egitarau oparoa
Arabako azokarik garrantzitsuena da Laudiokoa, Corredorren arabera: “Goizetik iluntzera daude ekintzak”. Larunbatean 10:00etatik aurrera egongo dira ikusgai Aldai plazan baserritarren eta artisauen produktuak, arraza autoktonodun oilarren erakusketa, trontzalariak eta harri jasotzaileak... Bi lehiaketa ere izango dira: gaztainondoz egindako makilena eta txarri patena. Pantxi Ibarra eta Jose Antoni Unzaga baserritarrei omenaldia 13:15ean egingo diete.
Azokatik harago, eguna alaitzeko ez dira jarduerak faltako: dantza erakustaldia, erromeria, zanpantzarrak, Arloteen emanaldia...
Ohituraren jatorria
Felix Mugurutza historiazaleak San Blas eta herri erritoak aztertu ditu. “Bizirautea bermatzeko egiten ziren”, dio. Urtarrila aurrera joan ahala, eguna eta argitasuna luzatu egiten da: “Horregatik, etxeko ondare handienak babesteko beharra zuten arbasoek; etxe aberek bermatzen baizieten biziraupena. Hortik datoz San Anton egunean egiten diren animalien, korten eta abarren bedeinkapenak”.
San Blas egunetan ematen da naturaren esnatzea. Egun horietatik aurrera hazten da belarra, zuhaitzen kimatzea edo txorien kantua. “Baserritarrek ongi zekiten egun horietantxe hasten zela naturaren benetako zikloa”.
Herri askotan, otsailaren 2an Kandelario eguna ospatzen da. Argizariak bedeinkatuz, haien tantak soroetan botaz lurren emankortasuna babesten dute: “Argizaria, elementu magikoa da, biziaren eta heriotzaren arteko zubi materiala zelako. Babestu eta emankortasun helburuz ospatzen da San Blas eguna ere.. Jakiak bedeinkatu egiten ziren”.
Bedeinkapenen bidez etxeko animalien eta pertsonen eztarriak babesten ziren, “ahoa baitzen garaiko sinismenen arabera gaitzak eta izpiritu txarrak gure gorputzera eta batez ere arimaraino barneratzeko bidea”. Horren adibide da San Blas egunean elizak bedeinkatutako kordoiak jartzeko ohitura. “Sokatxo horrek babesa ematen digu, aratusteen amaiera arte. Hausterre egunera arte eraman behar da, hau da, Garizumako purifikazio arora arte”, zehaztu du.
Laudioz gain, eskualdeko beste herrietan ere izango du eragina jai egunak. Urduñan, esaterako, San Blasetako tortak egiteko tailerra egingo dute gaur arratsaldean Alondegian.