32 orduko lanuztea egingo dute Vidrala enpresako langileek. Atzo 22:00etan hasi zuten protesta eta bere asmoa hitzarmen kolektibo duina aldarrikatzea da. Beharginen ustez enpresaren zuzendaritza guztiz itxi da eta ez die erantzun egindako eskakizunei.
Berez, hitzarmena negoziatzeko langileen helburua da azkenengo lan erreformaren ondorioak baliogabetzea. Horregatik, oinarri gisa, zuzendaritzari eskatu diote erreformak ematen dizkion tresnei uko egitea.
Baiezkoa jaso ez dutenez greba egingo dute gaur. Akordio batera helduko balira hitzarmen kolektiboa lantzea izango litzateke hurrengo urratsa. Hala ere, negoziazioak ez badu aurrera egiten, langileen ordezkariek iragarri dute greba mugagabea hasiko dutela.
Vidralaren garrantzia handia da eskualdean, 400 pertsona baino gehiagok egiten baitute lan bere instalazioetan.