AYA SIDI ETHMANE (1991, Sahara) Aretan bizi den saharauiarra da. Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuak gertutik ezagutzen ditu. Gurasoek Sahara askatzearen alde lan egiten dutenez ezin ditu laguntzak jaso. Laguntzak jasotzeko 5 urtez lanean kotizatzea eta 3urtez erroldatua egotea beharrezkoak direla-eta, laguntzak baino oztopo gehiago dituztela dio. Tindufen 200.000 pertsona bizi dira ur edangarria, eskola, nahikoa janari eta osasun arretarik gabe.2003an etorri zen eskualdera, senide baten gaixotasuna medio.
Zein da saharauiarrek bizi duzuen errealitatea?
Sahara berez basamortua da. Mendebaldeko Sahara da gure lurraldearen izena, nahiz eta jende askok konfunditu. Hiru zati daude, Marokok okupatutako partea, liberatua eta errefuxiatuen kanpamentua. Azken hau Tindufekoa da, Argeliakoa.
Kanpamentuetako egoera zein da?
Baldintzak larriki txarrak dira, errefuxiatuen kanpamentuak dira. Jendeak ez du lanik ezta bizirauteko baliabiderik ere (giza baliabideak, jatekoak, osasuna…).Laguntza humanitariotik bizi dira, baina krisiarekin murriztu egin da. Ura ez da edangarria, baldintza klimatikoak ez dira egokienak (bero uholdeak…), eskolako material didaktikorik ez dago, irakasleak formatu gabeak dira...
Garrantzitsuena elikadura da. Gutxi gorabehera 200.000 pertsona bizi gara.
Eta hemengoa?
Saharauiarrak beharragatik etortzen gara hona, egoerak behartuta. Espainiak saldu egin gintuelako behartuta gaude Espainiara joaten. Hemen gaudenak zortedunak gara. Eusko Jaurlaritzak laguntzak ematen dizkigu ikasteko, osasuna bermatzeko... Eusko Jaurlaritzagatik ez balitz ez dakit zer egingo genukeen, Emandako baliabide eta laguntzengatik eskerrak eman behar dizkiogu.
Denek, baina, ez ditugu laguntza berak jasotzen. Gurasoak Sahararen askatasunaren alde lanean badaude hemen ezin dugu laguntzarik jaso. Horretaz gain, laguntzak jasotzeko Espainian 5 urtez lan egin eta kotizatzea ezinbestekoa da; baita hiru urtez erroldatua egotea ere. Hiru urte horietan pisua, janaria… ordaindu behar dira. Dezente kostatzen zaigu, ez digute lanik eskaintzen eta aurkitzea ez da erraza.
Guk independizatu nahi dugu, horrela ez baitugu emigratu beharko. Sahara oso aberatsa da, arrantza…. Marokok okupatua du. Espainiak ere, interes handia du independentzia ez emateko. Hala ere, laguntzak jende guztiari ematen dizkiotenak dira, “RGI” ez zaigu guri bakarrik ematen.
Duela hiru urte Europako Parlamentuak arrantza debekatu zuen. Itsaso hori ez da Marokorena, askatasuna lortzeko borrokan eta surfritzen dagoen herri batena da. Espainiak akordio horren alde borrokatu zuen, legea deuseztatzeko; eta lortu dute.
Nola iritsi zinen zu Aiaraldera?
Ni hona ama gaizki zegoelako etorri nintzen, gaixo saharauiarrentzat Bilbon dagoen etxe batera ekarri zuten. Kanpamentuetan oso larri dagoen jendea hona etortzen da probak egitera, Saharako Lagunak elkartea eta Osakidetzaren arteko akordio baten bidez.
Laguntza ala oztopoa, zer izan duzu gehiago?
Zailtasunak laguntzak baino gehiago dira. Beste lurralde batera zatoz, integrazioa ez da batere erraza. Atzerritarrei eta saharauiarrei lana ez zaigu eskaintzen, latinoamerikarrek guk baino erraztasun gehiago dituzte. Ez dut ulertzen zergatik.
Jendeak gutaz gaizki hitz egiten du, ez dugula lan egin nahi diote. Hori gezurra da, ni lana bilatzen nago eta ez dut inolako laguntzarik jasotzen. Lana bilatzen dugu baina ez dugu topatzen. Lanaren barrera gainditzea oso zaila da.
Euskaldunak dioten bezain itxiak gara?
Pertsona bakoitza ezberdina da. Gure kasuan euskaldunek ondo hartu gintuzten, baina oso itxiak dira. Nik hemen eta herrialde katalanetan ikasi dut, eta han babes gehiago jaso nuen.
“Etawasol” saharauiarren elkartea sortu duzue. Zertarako?
“Etawasol” izena jarri diogu. Hemen jarraitzen dugula esan nahi du, segi. Eskualdean 170 lagun inguru gaude. Pasa den astean arabierazko ikastaroa abiatu genuen. Gu oso komunitate sendoa gara. Elkar asko laguntzen dugu behar duena babestu eta esku bat botatzeko janari edo dena delakoarekin.
Facebook kontua eta webgunea ditugu edonork informazio gehiago nahi izanez gero.
Aurrera begira, baduzue beste ekintzarik buruan?
Bai. Otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa proklamatu zen eguna da. Ekintza asko egingo ditugu hurbilen dagoen larunbatean: jaima jarri, musika kontzertua, tea banatu, jenarekin gorputzak margotu Denok gonbidatzen zaituztegu parte hartzera.
Mendebaldeko Sahararako janari bilketa abiatu dute. Elkartasuna krisian dago?
Bai. Lehen elkartasuna zuen jendea ez da hainbeste mantendu.
Ez dago lehen adina laguntza, karabanak murriztu egin dira. Janaria urtean behin iristen da, lehen urtean hirutan edo lautan zihoazen
Horregatik, asko eskertzen dugu baliabide gutxi dituen jendeak ere laguntzea; sardina eta bonito lata batekin ere lagun daiteke.
Jendeak laguntza eskatzen denean uste du guretzako dela, eta ekimen hauek kanpamentuan bizi direnak laguntzeko dira.
Jendarteari zer eskatuko zenioke?
Lan egiteko aukerak zabaltzea eta bereziki kanpamentuetan borrokan dagoen saharar herriarekiko elkartasun gehiago izatea.
Hemen ez gaude nahi dugulako han ezin delako bizi baizik. Integrazioa, harremantzea, lana… eskatzen dugu.