Ekoizleek “bortxatu” dutela salatu du Tinieblas Gonzalezek

Txabi Alvarado Bañares 2011ko ira. 21a, 09:41

 Ekoizle etxeak diru-laguntza publikoen bidez aberastu egiten direla salatu du Laudioko zine zuzendariak 

 “Bortxatu egin naute, nire filma bortxatu dute”. Hala adierazi zen Tinieblas Gonzalez  laudiarra Bilboko Kafe Antzokian emandako prentsaurrekoan. Bere lehen film luzearen estreinaldiaren etengabeko atzerapenak azaldu zituen bertan zinemagileak.

 Ekoizle etxeak diru-laguntza publikoen bidez aberastu egiten direla salatu du Laudioko zine zuzendariak 

 “Bortxatu egin naute, nire filma bortxatu dute”. Hala adierazi zen Tinieblas Gonzalez  laudiarra Bilboko Kafe Antzokian emandako prentsaurrekoan. Bere lehen film luzearen estreinaldiaren etengabeko atzerapenak azaldu zituen bertan zinemagileak.

 2008an ekin zion Tinieblasek bere lehen film luzea prestatzeari. ASD (Alma Sin Dueño) zen pelikularen izena eta Bilboko metroaren barrenean pizti misteriotsu bati aurre egin behar zioten graffitigile batzuen istorioa kontatzen zuen. Proiektuak 938000 euro inguruko diru-laguntza jaso zuen Bilbao Film Commission, Arabako Diputazioa, Gasteizko Udala eta antzeko erakundeetatik. Guztira, 3 milioi euroko aurrekontua lortu zuen Tinieblasek, baina diru horretatik gehienez 1,3 milioi baino jaso ez zuela salatu zuen zuzendariak.

 Alma Alta ekoizle etxea zen Alma Sin Dueñoren ekoizlea. Eta hala berak kudeatzen zituen diru-laguntzak. Filmaren grabaketak etenaldi bat izan zuen, eta berriz abian jarri zenean teknikari zein aktoreek epaitegira joan behar izan zuten soldata eskuratzeko. Dena den, nahiko film txukuna lortu zela adierazi zuen Tinieblasek, irudi  “indartsuekin”.

 Baina muntaiarekin arazoak agertu ziren berriz. Ekoizle etxeak zuzendari laudiarrarekin kontaktuan jartzeari utzi zion. Tirabira ugariren ostean filma estreinatu zuen pasaden urteko abenduan, Tinieblasen baimenik gabe, gaztelaniara bikoiztuta, soinu txarrarekin eta efektu digitalak jartzeke. Madrileko areto batean 290 pertsona ingururengatik ikusia izan ostean artxibatu zen. Titulua ere aldatu zioten eta, hala, Alma Sin Dueño izatetik Sin Alma deitzera pasa zen.

 Tinieblasek azaldu zuenez, estreinatu zuten pelikula hura duela hilabete ikusi ahal izan zuen, ordura arte kopia bat bilatzen egon baitzen. Sistema hau erabilita, ekoizleak diru-laguntza publikoekin geratu eta aberastu egiten direla salatu zuen. Bere hitzetan, ekoizle etxeei ez zaie errentagarria egiten filma duinki estreinatzea. “Lehen diru-laguntzak lortzeko takilaren bidez gutxiengo diru kopuru bat lortu behar zen; baina gaur egun ez da hala gertatzen, antza”. Zuzendariaren arabera, filma nonbait estreinatzerekin aski dute adostutako diru-laguntzak jasotzeko.

 Hortaz gain, Alma Altak bere izenean eta berari jakinarazi gabe diru-laguntzak eskatu dituela salatu zuen laudiarrak. Bere kalkuluen arabera 300000 euro ostu ditu ekoizle etxeak, muntai egoki bat egiteko zegoen aurrekontutik. Baina, gaineratu zuenez, ez du salaketarik jarriko ez daukalako kasua epaitegira eramateko dirurik.

 Dena den, bere kasua ez dela salbuespen bat azpimarratu zuen Tinieblasek. Janzkera gotikodun zuzendariaren arabera, funtzionamendu hau “ohikoa” da estatu espainiarreko zinemagintzan. Hala, gainontzeko zinemagileei isilik egotea leporatu zien eta Kultura Ministerioak azpijoko hauen berri zuela adierazi zuen.  

 Ibilbidearen amaiera

 Tinieblas Gonzalez 1998. urtean hasi zen zinemagintzaren munduan Por un infante difunto lanarekin. Film labur hori Canneseko zinema jaialdiaren nazioarteko kritikaren asterako aukeratua izan zen. Ondoren The raven... nevermore eta Ecosistema grabatu zituen, harik eta Alma Sin Dueño prestatzen hasi zen arte.

 Gertatutakoa kontuan izanik, Tinieblasek adierazi zuen ez zuela seguru asko estatu Espainiarrean berriz lan egingo, zaila egingo litzaiokeelako berriz ekoizle etxe batekin jardutea. “Badakit hau guztia esan ostean Espainian grabatzeko ateak ixten zaizkidala, baina berdin zait”. Hala, bere asmoa Los Angelesera joatea zela adierazi zuen, bertan bere proiektuekin jarraitzeko.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide