"Nobleziaz eta politikariez gain, Lamuzatik aktore ospetsuak ere pasatu ziren"

Aitor Aspuru Saez 2014ko urt. 20a, 08:51

EGOITZ BERNAOLA LUXA (Laudio, 1983), Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Eszenografia eta Ikuskizunaren Arkitekturan diplomatua da. Madrilen aritzen da antzerkiaren eremuan eszenografia eta jantzi diseinatzaile gisa. Aldi berean, gure eskualdeko historia eta bere pertsonaien inguruan zenbait ikerkuntza historikoak burutu ditu. Orain, Joaquín Bárbara laudioar margolariari buruz lan bat prestatzen ari da.

 

EGOITZ BERNAOLA LUXA (Laudio, 1983), Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Eszenografia eta Ikuskizunaren Arkitekturan diplomatua da. Madrilen aritzen da antzerkiaren eremuan eszenografia eta jantzi diseinatzaile gisa. Aldi berean, gure eskualdeko historia eta bere pertsonaien inguruan zenbait ikerkuntza historikoak burutu ditu. Orain, Joaquín Bárbara laudioar margolariari buruz lan bat prestatzen ari da.

 

Lamuza Parkeko Musika Etxea oso egoera txarrean dago orain, zertarako eta noiz eraiki zuten? Zer ekimen egiten ziren bertan eta zer bisitari mota egon ziren?

Egun “Musika Etxea” izenarekin ezagutzen dugun eraikina pasa den mendeko hogeigarren hamarkadaren hasieran inauguratu zen, 1920. urteko udan, zehazki, Alfonso XIII eta Victoria Eugenia erregeen presentziarekin.

Berez, etxeko jaunen kapritxo gisa sortutako elementu bitxia da, eta Lamuzako gune arkitektonikoaren barruan funtzio argia izan zuen: bere baitan antzoki bat hartzea. Urquijo sendiak bizitza sozial garrantzitsua izan zuen, eta Laudion igarotako udak aspektu hori indartzeko, botere ekonomikoa goraipatzeko eta baita familiaren elkartasuna mantentzeko ere funtsezkoak izan ziren.

Horretarako, jarduera kultural ugari eta aberatsak bultzatu zituzten: dantzaldiak eta balletak, festa tematikoak, zirko ikuskizunak, euskal kirolak, zezenketak, erakusketak eta, noski, antzerkia. Azken hau sendiaren zaletasunen artean nagusienetarikoa izan zen, ostera. Aipagarriak dira senideek eta lagunek bertan egindako antzezlanak eta garaiko zenbait musikari famatuek emandako kontzertuak. Nobleziaz eta politikariez gain, Lamuzako toki berezi honetatik 10. eta 20. hamarkadetako aktore ospetsuenetarikoak ere pasatu ziren: María Guerrero eta Catalina Bárcena madrildarrak, antzerkian arituak, edo Mary Pickford eta Douglas Fairbanks zine mutuaren izar amerikarrak.

 

Lamuza Parkea Urquijo sendiari oso lotuta egon zen, eraikin guztiak nola joan ziren eraikitzen eta nortzuk gauzatu zituzten?

Lamuza gunea Urquijo markesen lana izan zen, bai; lan mailakatua, eta sendiari lotuta ezinbestean. Eraikin zaharrena, jauregiaren jatorria alegia, “casa matriz” edo etxe nagusia izenarekin ezagutzen dena da, XVII. mendekoa eta estilo barrokoaren adibidea. Horren inguruan, XIX. eta XX. mendetan gainontzeko eraikinak eta elementuak sortu ziren, garaiko estilo eklektikoan.

Francisco de Cubas arkitekto madrildarrak (Laudioko eskola publiko, Deustuko unibertsitatea, Almudenako katedralaren proiektua edo Butroeko gazteluaren egilea, halaber), zenbait handitze lanak burutu zituen XIX. mendearen bukaeran; bere ilobak, Francisco Mendoza Cubas (Laudioko udal zaharraren egilea), lan horiek jarraitu zituen XX. mendearen hasieran, garaiko moda berrien beharrak asetzeko. Azkenik, Luis Landecho bilboarraren esku (Madrilgo Hotel Ritz eta Ateneoaren egilea, besteak beste) kasinoa, kristalezko aretoa, antzokia, tenis jokalekua, garajea eta “baratzezainaren etxea” sortu ziren 1917 eta 1926. urteen artean. Zoritxarrez, jatorrizko elementu asko desagertu dira gaur egun, baita barrualdeko dekorazioak ere, Art Déco edota japoniar estiloen adibideak.

Eta mantendu diren elementuen egoera negargarria da. Gure ondarearen galtze progresiboa ikusten ari gara arduradunek beste alde batera begiratzen duten bitartean. Horrelako portaerak, sentikortasun kulturalaren gabezi horrek, benetan haserretu egiten nau.

 

Zenbat jendek lan egiten zuen Lamuzan bere garai oparoenean?

Gutxi gorabehera hirurogei pertsona enplegazten ziren jauregian zerbitzu lanak egiteko: sukaldaria eta honen laguntzaileak, gozogilea, etxezaina, ganberazainak, gelen zerbitzua, ikuzketa eta lisaketa, lorezainak, zurginak, zaingoa, txoferra…

Horietatik, gehienak, laudioarrak ziren. Bitxikeri bat: Lamuzak 150 ohe inguru izan zituen.

 

Dena den, Urquijo sendiaren esku ez da beti egon. Zer gertatu zen Guda Zibilean?

1936an, gure herria Guda Zibilean murgilduta dagoelarik, Lamuza jauregia indar errepublikanoen esku geratuko da denboraldi batean zehar; eraikinak okupatu eta gelak kuartel gisa erabiliko dira.

1937ko ekainean, Bilbon, eta baita Laudion ere, gudaroste nazionala sartu ostean, gudan parte hartu zuten Urquijo sendiaren kideek etxea berreskuratu zuten. Lamuzaren garai oparoen bukaera suposatuko dute gertaera hauek.

 

Nola bukatu zuten eraikinek Foru Aldundiaren esku?

70. hamarkadaren amaieran, sendiaren oinordekoek Laudion eta Aiaran zehar zituzten ondasun garrantzitsuenen salmenta masiboa gauzatzen dute. Lamuza gune osoa Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialak erosi, eta honek Arabako Foru Aldundiari eman zion dohaintzan.

Aldundiak, bestalde, Laudioko Udalari laga zion bere erabilera, eta egun ezagutzen dugun parke publikoan bilakatu zen. 1980an, Urquijo markesen hilketa ospetsu eta mediatikoaren ostean, sendiaren eta gure herriaren arteko harreman historiko eta sozio-ekonomikoa eten zen guztiz.

 

Ondare arkitektonikoa ez ezik, ondare botanikoa ere badu parkeak, ezta?

Bai, oso ondare interesgarria eta baliotsua. Jatorrizko arkitekturekin gertatzen den bezala, elementu asko galdu edota aldatu dira, baina paisaia-lorategi ingelesen eta lorategi erromantikoen itxuraren aztarna interesgarriak kontserbatzen ditu, zuhaitz espezie ugari eta zaharrekin.

2004. urtean Javi Mateo laudioarrak honen inguruan argitaratutako lana gomendatzen dut parkeko berezitasun botanikoak ezagutzeko.

 

Aintzat hartuta historialaria ez zarela, nola hurbildu zara Lamuza Parkeko historiara?

Historialaria ez, profesionalki, baina bai historia, artea eta arkitekturaren nahiko zalea, oro har. Baita gure eskualdeko historiarena ere, eta nire familiarena. Laudioar asko bezela, sendiaren barruan baditut Lamuzan lanean aritu ziren zenbait kide, eta haien esku hainbat datu jaso nituen: istorioak, argazki zaharrak, deskribapenak... Gero, interes pertsonal hori garatu eta osatu dut, denboran zehar, ikerketa batzuren inguruan. Batez ere, izugarri gozatzen dudalako kontu hauekin

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide