"Espero dut Hesianen arrakasta moda kontu bat soilik ez izatea"

Aitor Aspuru Saez 2014ko urt. 22a, 09:44

ZURIÑE HIDALGO (1990, Zizur Nagusi) Hesian taldeko abeslaria da. Musika talde horrekin ospetsua egin baino lehen ibilbide luzea egin zuen telebistan eta ostiralean modu akustikoan joko du Aretako Kultur Etxean.

Ostiral honetan Aretan egongo zarete kontzertu akustikoa emateko. Zer eskaintzen du taldeak?

Alde batetik Hesianeko kanta batzuk jotzen ditugu. Era akustikora moldatuta daude beraz nahikotxo aldatzen dira. Eta gainera bertsio batzuk jotzen ditugu. Nahasketa egiten dugu eta emaitza hori da.

ZURIÑE HIDALGO (1990, Zizur Nagusi) Hesian taldeko abeslaria da. Musika talde horrekin ospetsua egin baino lehen ibilbide luzea egin zuen telebistan eta ostiralean modu akustikoan joko du Aretako Kultur Etxean.

Ostiral honetan Aretan egongo zarete kontzertu akustikoa emateko. Zer eskaintzen du taldeak?

Alde batetik Hesianeko kanta batzuk jotzen ditugu. Era akustikora moldatuta daude beraz nahikotxo aldatzen dira. Eta gainera bertsio batzuk jotzen ditugu. Nahasketa egiten dugu eta emaitza hori da.

Ez dut aurreratuko zeintzuk dira bertsioak, hobe etortzen bazarete eta esperimentatzen baduzue. Baina orokorrean bertsioak kanta herrikoiak edo jendeak ezagutzen dituen abestiak dira.

Etortzen den jendeari esan nahi diot ez dela Hesian izango. Ez da betiko martxa izango. Akustikoa izango da, lasai egoteko emanaldia. Nahiko ezberdina, aurreko emanaldi batean egon den norbaitek jakingo du baina berriek jakin dezaten nahiko kontu lasaia izango dela.

Musika eta Hesian entzuteko beste modu bat izango da.

 

Azkenengo bi urtetan bira oso zabala egin duzue, ezta?

Zuzenekoa kaleratu genuenetik, egia esanda azkenengo bi diskekin gertatu da, hemendik eta hara ibili gara jo eta ke, lanean, kontzertuak ematen... topera ibili gara. Orain uste dut merezita dugula atsedena hartzea. Alde batetik atsedena publikoari begira eta asteburuei begira.

Lokalean sartuta gaude orain disko berria prestatzen eta alde horretatik ere lan eta lan.

Azken urtetako kontzertuak pasada bat izan dira. Oso oroitzapen politak ditut, primeran pasa eta asko gozatu dut.

 

Eta disko berria noizko?

Espero dut datorren Durangoko Azokan izatea. Hori da gure asmoa eta udan ibiliko gara diskoa grabatzen. Beraz, aurten oso kontzertu gutxi emango ditugu, esku batekin zenbatu daitezkenak.

 

Duela gutxi, urtarrilaren 11n egin behar zen manifestazioaren harira jo behar zenuten eta debekuaren ondorioz kontzertua bertan behera geratu zen. Nola bizi zenuten?

Kontzertua akustikoa izan behar zen, talde gisa nahiko geldirik gaude eta. Ustekabea izan zen berri hori.

Azken unea heldu arte egon ginen jakin gabe egin behar zen edo ez, baina antolakundeak erabaki zuen ekintza kulturalak bertan behera utzi behar zirela eta horrela izan zen tamalez.

 

Birara itzuliz, nekea eragin dizue hainbeste jotzeak?

Bai, batez ere lanean gaudenontzat. Astelehenetik ostiralera lan egin behar genuen eta gero agian ostiralean eta larunbatean kontzertuak genituen.

Dena den, guretzat hau ez da hobbya bakarrik. Zaletasuna dela esatea gutxi da, baina ez da lana ezta ere, ez gara honi esker bizi. Baina gustura egiten dugun gauza da.

Momentu neketsu batzuk egongo direla badakigu eta ez dela erreza izango baina gustora egiten dugu.

Maite dugun zerbait da eta orokorrean beti egiten dugu gustura. Egun txar bat izan dezake edonork baina orokorrean ondo, gogotsu eta pozik egiten dugu.

 

Behin eta berriro esaten da musikaren mundua krisialdian dagoela. Zein da zuen arrakastaren sekretua?

Sekretua? Ez dakit. Nik askotan diot taldeena maiz moda kontu bat dela. Espero dut hau moda kontu bat soiliki ez izatea. Azken finean, gaur goian baldin bagaude bihar behean egon gintezke.

Nik uste neurri batean modak asko egiten duela, baina bestetik nik beti pentsatu dut egin behar dudan musika nere gustukoa izan behar dela. Gainerakoen gustukoa bada askoz hobe.

Badirudi hori dela, egiten dugun musika eta lan hori jendeak gogoko duela. Hori baino gauza hobeagorik ez dago. Zuk egindako lanak eta sormenak horrelako erantzuna jasotzea kristona da.

Ez dut uste magiarik edo sekreturik dagoen.

Azkenengo diskoa, "Hitzetik", badirudi asko saldu dela eta jendeari gustatu egin zaiola baina datorren diskoa guretzat pasada izango dena, beste aurrerapausoa izango dena, agian jendeak hartuko du eta "zer da hau?" pentsatuko du.

Azken finean, ez dakizu jendeak nola hartuko duen. Badakizu zurea egin behar duzula, gogotsu eta pozik egon behar zarela zure lanarekin eta ea zer gertatzen den.

 

2010ean Hesian taldean abesten hasi baino lehen telebistan agertu zinen eta ibilbide luzea egin zenuen. Nola bizi izan dituzu aldaketa horiek?

Niri gustatzen zait saltsa guztietan egotea. Denetatik ikasi behar da. Oso txikitatik hasi nintzen telebistaren mundu horretan eta musikaren munduan. Telebistaren munduan abesten, dantzatzen eta antzezten nuen antzezleku baten gainean.

Esperientzia hori, txikitatik hartutakoa, asko balio izan dit egun naizen hau izateko. Eta ez musikari bezala bakarrik, pertsona bezala.

Duela hamar urte, nahiko gazte nintzenean, ez nuen nere buruarekiko segurtasuna eta oso urduri jartzen nintzen. Esperientzia horiek izatea eta handik eta hemendik ibiltzeak asko ematen dizu. Ez da dena polita izan, esperientzia onak eta txarrak izan ditut eta guztietatik ikasi dut. Bidea bilatzeko eta nire burua eratzeko balio izan dit.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide