Urtarrilaren 9an udaleko ordezkariak URA agentziarekin eta etxebizitza sailarekin batzartu ziren, proiektuaren berri jasotzeko. Agentziako zuzendariak Nerbioi ibaian egin beharreko obretako proiektua hemendik gutxira esleituko dela esan zuen. Datozen hilabeteetan espero dute eginda egotea. Proiektu horretan kaltetuen kopurua zehaztuko da. Zentzu horretan URAk ahalik eta gutxien egotea lehenetsiko duela jakinarazi zuen.
4 urtez luzatu da auzia. Proiektua 2007an Europatik ezarritako beharretatik dator. Horien arabera ibai inguruan dauden arriskuak aztertu behar ziren. Zehazki, uholdeak saihesteko neurriak hartzeko beharra azpimarratzen zen. Epeak ezarri zituzten: 2011rako aurre ikerketa eginda egon behar zen eta 2013rako arrisku mapak definituta. Mapa horien arabera, Bitorika inguruko etxea arriskuetatik kanpo dago. Udalak esan duenez herri mugimenduak, kaltetuen ekimenek, bultzatu dute konponbidea, bereziki Berlojatzen elkartea aipatuz. Horregatik, eskerrak eman dizkiete egindako lanagatik.
Proiektuak egin beharreko obra definituko du. Besteak beste, San Juaneko errekan eta Altzarrate zubian eragina izango du. San Juanekoa URA agentziarentzat lehentasun handiagoa izango du kaltetuak dauden edo ez daudenaren arabera. Altzarrateko kasuan udalak eta URAk 2012an sinatutako akordioan, URAren kargu geratuko zela argi geratu zen. Udalak proiektua egin zuen Altzarrateko basoan. Agentziak baliabideak jarri beharko ditu Altzarrateko zubia berritzeko.