Laudio Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak Sukaldatu proiektuan aritu dira aste honetan. Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Basque Culinary Center eta Eroski Fundazioak babestutako ekimena da.
Jarduera Laudioko Gastronomia Museoan bideratu da urtarrilaren 14tik 17ra. Goizero ikasle talde bat hurbildu da bertora.
Lehen lana supermerkatura erosketak egitera joatea izan dute ikasleek. Berton begirale bat izan dute lagun. Gastronomia Museora bueltan, Aitzol Zugasti eta Cesar Rodriguez, Basque Culinary Centerreko irakasleak aritu dira ikasleekin lanean. Ikasleek egun osoko lana hartu dute, eguneko erosketak egin eta bazkaria prestatzeaz aparte, mahaiak atondu eta bazkalondoan dena jaso eta garbitzen lagundu baidute. Saio praktikoak izan dira erabat. Aitzolek eta Cesarrek jaten dutena nola egin den galdetzera eta etxean sukaldatzera animatu dituzte ikasleak, baita jakiekin jolastu, zapore berriak probatu eta dastamena, usaimena eta ukimena erabiltzera ere.
Sukaldatu egitasmoak haur eta gurasoek, familian, bertako elikagaiak kontsumitzea, sasoiko produktuak erabiltzea, eta sukaldaritza osasuntsua bultzatzea du helburu. Gurasoentzako hitzordua izan dute ere ostegun arratsaldean, balore horiek transmititzearen garrantziaz aritzeko.
Proiektua Oñatiko Txantxiku Ikastolan, Portugaleteko Asti Lekun eta Elorrioko Txintxirrin gauzatu zen iaz eta aurten Laudio eta beste hainbat ikastolaren txanda iritsiko da. Guztira 12 ikastola, 1000 ikaslek eta 200 gurasok parte hartuko dute ikasturte honetan.