“Telebista ‘kutxa tontoa’ baino leihoa da. Paisaia gustuko ez baduzu pertsiana jaitsi dezakezu”


Leire Larisgoitiak (Laudio, 1981) urteak daramatza telebistako grabaketak egiten eta orain "Salvados" telesail ospetsuan lan egiten du. Pantailaren beste aldea erakutsi du.

Salvados programan parte hartzen duzu. Zertan?
Duela 10 urte Bartzelonara joatea erabaki nuen ikasitakoaz bizitzeko -ikus-entzunezkoak- abentura bila.
Hasieran enpresa bateko komunikazio sailean lanean egon nintzen.
Denbora librean film laburrak, bideoklipak... egiten nituen. Oraindik ere tarteka egiten ditut!


Leire Larisgoitiak (Laudio, 1981) urteak daramatza telebistako grabaketak egiten eta orain "Salvados" telesail ospetsuan lan egiten du. Pantailaren beste aldea erakutsi du.

Salvados programan parte hartzen duzu. Zertan?
Duela 10 urte Bartzelonara joatea erabaki nuen ikasitakoaz bizitzeko -ikus-entzunezkoak- abentura bila.
Hasieran enpresa bateko komunikazio sailean lanean egon nintzen.
Denbora librean film laburrak, bideoklipak... egiten nituen. Oraindik ere tarteka egiten ditut!
Egun batean TV3 kateko “Toca el 2” "Date el bote"-ren bertsio katalanerako elkarrizketa egin zidaten eta geroztik telebistako programa ezberdinak egin ditut.
Pelikularen bat edo beste ere egin dut.
"Salvados" programan bi urte eta erdi daramatzat. Grabaketetako produktorea naiz. Elkarrizketak egitera talde txikia joaten gara: errealizatzailea, kamara, soinu teknikaria, Jordi eta ni.
Nire lana grabaketarako beharrezko elementuak bermatzea da: lekuak, baimenak, bidaiak, materiala...

Txikitan ere telebistako langile izan nahi zenuen?
Komunikazioa eta zinema asko gustatzen zitzaizkidan, telebistak arreta handia pizten zidan. Kameren atzean lan egin nahi nuela nioen, produkzioaz ezer ez nekienean ere.

Lanean bitxikeriak ere ikusiko zenituen... Baten bat kontatzerik?
Julian Assange Ekuadoreko enbaxadoran, Londresen, elkarrizketatzea sekulako abentura izan zen.
Ordu bateko tartea eman zion bere prentsa arduradunak. Kronometroarekin aldamenean izan genuen, bost minuturo erlojuaren pantaila erakusten zigun. Ez zen elkarrizketa lasaia izan.
Beste behin txerrien korta batean grabatu behar izan genuen. Sartu aurretik eta bukatzerakoan duxatzera behartu gintuzten, txerriei gaixotasunak ez pasatzea ziurtatzeko. Hori ez da grabaketa egunetan ohikoa!

 Kamararen aurrean ala atzean, non egoten zara gustorago? Zergatik?
Kamara atzean egotea beti da erosoagoa. Beti egon naiz hor, eta hori da egiten dakidana. Beti aurpegi ona jartzea ez da erraza, batez ere egun txarra duzunean. Nik ez dakit egin ahalko nukeen, baina ez dut sekula frogatu. Errespetu handia ematen dit.

Zer esango zenieke telebista “kutxa tontoa” dela diotenei?
Telebista gogoko dutenak eta ez dutenak errespetatzen ditut. Posible da erabilera arduratsu bat egitea. Ez da bizitzeko ezinbestekoa. Telebista kutxa baino leihoa dela esango nuke, paisaia ez baduzu gustoko beti duzu pertsiana jaisteko.
 
Zer du telebistak ba hainbeste ordu begira egoteko?
Gaur egun kanal eta aukera asko ditu. Ikasteko gauza interesgarriak ditu. Zaborra bereiztean dago gakoa, entretenitu eta ekarpenen bat egin diezagukeen eskaintza bilatzean. Gustua eta kalitatea duten gauzak topa daitezke.

 Zein da zuzentzea gustatuko litzaizuken programa perfektua?
Duela urte asko galdetu balidate bidaiatzea eta egunerokotasuna duten gaien inguruko ikuspuntu ezberdinak dituen programa bat erantzungo nuke. Sekulako zortea dut gustoko dudan programa eta lan talde batean lan egiteagatik. Gaur egun, amets bat da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide