Indarkeria jasaten duten emakumeei harrera egiteko darabilen barruko protokoloa, herrian eragiten duten gainerako erakunde eta eragile sozialekin partekatzeko eta hobetzeko plana bideratzera doa Laudioko Udala.
Erakunde arteko plan berriaren idazketa Emakundek %75ean eta Udalak %25ean finantzatuko dute; Red Kuorum aholkularitza enpresaren zerbitzuak kontratatu ditu dagoeneko Udalak xede horrekin.
Erakunde arteko batzordea
Erakunde arteko batzorde bat eratuko dute lehenbizi. Genero indarkeriaren biktimei herri esparruan sostengua eskaintzen dieten osasun, hezkuntza, justizia eta herrizaingo arloetako erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana bultzatuko da berton.
Lanaren abiapuntua, orain arte Udaleko Gizarte-zerbitzuek, Hezkuntza eta Berdintasun arloek eta Udaltzaingoak elkarlanean garatu eta bideratu duten protokoloaren diagnostiko eta balorapena izango da.
Ondoren foroak barne hartuko ditu biktimen sostenguan lan egiten duten elkarteek, eta biktimek beraiek luzatutako balorapenak.
Zazpi hilabetetako epea iragarri du Amets Meazak, Berdintasun arloko zinegotziak, plan berria gauzatu dadin. Jasoko diren egitasmoen funtsa denbora tarte horretan aktibatuko diren eztabaida-guneen eta bideratuko diren banakako elkarrizketa sorten emaitzatan oinarrituko da.