"Guk argi dugu irtenbide bakarra absoluzioa dela"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor M. I. 2014ko urt. 6a, 11:52

SANTI HERNANDO (Laudio, 1963) HBko eusko legebiltzarkidea izan da, besteak beste. Hainbat erakundetako hautagaia izan da ezker abertzaleko esparruan eta orain "Herriko Tabernen auzia" dela eta epaiketa du Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Auzia urriaren 17an hasi zen eta oraindik luze joko duela uste du berak.

Zein da eskatzen dizuten zigorra?

Niri zehatz mehatz 10 urtetako zigorra eskatzen didate. Hala eta guztiz ere badaude beste pertsona batzuk 12 urteko eskaerarekin eta beste batzuk 8 urteko eskaerarekin.

 

SANTI HERNANDO (Laudio, 1963) HBko Eusko Legebiltzarkidea izan da, besteak beste. Hainbat erakundetako hautagaia izan da ezker abertzaleko esparruan eta orain "Herriko Tabernen Sumarioa" dela eta epaiketa du Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Auzia urriaren 17an hasi zen eta oraindik luze joko duela uste du berak.

Zein da eskatzen dizuten zigorra?

Niri zehatz mehats 10 urtetako zigorra eskatzen didate. Hala eta guztiz ere badaude beste pertsona batzuk 12 urteko eskaerarekin eta beste batzuk 8 urteko eskaerarekin.

 

Zehazki zer leporatzen dizute?

Guri zehazki ETAkideak izatea leporatzen digute, edo ETA erakundea integratzea

 

Azalduko zeniguke apur bat orokorrean zenbat pertsona zaudeten sumario horren baitan; zenbat elkarte, zenbat egoitza desberdin… ze nolako ondorioak dituen sumarioak bere osotasunean?

Zehazki 33 pertsona gaude. Bi pertsonei delitua preskribitu zieten eta epaiketan egunero ez dira batzuk joan behar. Normalean 24 agertzen gara. Elkarteak gutxi gorabehera 109 dira.

Gure inguruan, Aiaraldean, oker ez banago 5 dira: Urduñakoa, Laudiokoa, Amurriokoa, Okondokoa eta Artziniegakoa.  Gainontzeko lokalen inguruko informaziorik ez daukat.

 

Azalduko diguzu noiz hasi zen sumario hau, zenbat urte eman dituzuen itxaroten eta ze pausu desberdin eman diren epaiketa honen harira?

Printzipioz sumario honen hasiera Herriko Tabernen aurkako operazioarekin eman zen, 2002ko otsaila aldera. Horrekin, garai hartan estatuko botereen artean bazuten lehia bat: ea Herri Batasuna nork ilegalizatzen zuen lehenago. Alde batetik alderdien legea sukaldatzen ari zen Moncloan eta horren ostean Espainiako kongresuan.

Eta gero, beste alde batetik, Garzón epaile ospetsuak, aprobetxatuz herriko tabernen inguruan zenbait atxiloketa egin zituela eta herriko tabernak itxi zituela, bukaeran, 2002ko otsailean, zenbait pertsona deitu gintuzten azaroan deklaratzera. Bertan behera gelditu zen azarokoa eta abenduan joan ginen deklaratzera. Momentu hartan, gure deklarazioaren ostean, Garzonek, estatuko beste botere batzuekin izan zuen lehiaren barnean, irabazi zuen eta Herri Batasuna ilegalizatu zuen.

 

Handik epaiketa egin arte hamar urte baino gehiago igaro dira ezta?

Deklaratzera joan ginenetik 11 urte bete dira abenduan. 12 beteko dira otsailean lehenengo atxiloketak egin zirenetik. Zergatik gertatu da hau? Ba printzipioz abokatuek esaten zuten epaiketa hau inoiz ez zela egingo.

Zailtasun handiak zeuden eta azken finean erabaki politiko baten ondorioa izan zen. Bitartean gorabehera batzuk egon dira ezker abertzalearen adierazpen politikoarekin. Herri Batasuna, Batasuna, Euskal Herritarrok ilegalizatu zituzten.

Tartean Garzonek berak auto batean adierazi zuen nola herritar batasunak eskubidea duen adierazpen politiko bat izateko. Hor ere lehiak izan zituen Grande Marlaskarekin, azkeneko honek ez zuelako onartzen. Kontuan hartu behar da garaian Lizarra Garazi egon zela, eta estatua eta ETAren arteko negoziaketa. Gainera, Loiolako negoziaketak ere egon dira.

Estatuak berak beharra zuen ezker abertzaleak funtzionamendu anormala bazen ere, funtzionamendu publiko gutxiengo bat izateko.

 

Zuentzat zer suposatu du urte luze hauetan nolabait ezpata hori gainean izateak?

Nik uste dut egoera desberdinetan egon garela. Momentu hartan aita izan berri nintzen, eta politika utzi gabe banuen ere, lehentasuna markatu nuen nire familia aurrera eramatea. Txikiak hilabete batzuk zituen, ostera beste seme bat izan nuen. Saiatu nintzen nire bizitzan ahalik eta eragin txikiena izatea prozesu honek.

Beste kide batzuek beraien jarduera politikoa aurrera eramaten jarraitu dute. Agerian geratzen ari da, hala ere, beraien eskubideen jabe izan arren, behin eta berriz izan direla zelatatuak eta atzetik indar errepresibo desberdinak izan dituztela, beraien kontra zer lortzen zuten begiratzen. Momentu honetan epaiketan zenbait polizia ari dira deklaratzen 2002az geroztik estatuak nola ezker abertzalea zelatatu duen erakusten dutenak.

 

Denbora luze hau eman eta gero, epaiketetan frogak eta lekukotasunak bitxiak izango dira, ezta?

Bai. Beraiek orain arte ez dute frogatu gutariko bakoitzak zer egin duen. Beraien abiapuntua zein da? Erakunde guztiak ETA direla.

Guk agerian utzi dugu ez garela ETAkoak izan eta erakunde bakoitzak bere bizitza propioa eta independentzia izan duela. Azkeneko saioetan, hain zuzen ere, estatuarentzat dena ETA dela frogatzeko desdoblamenduaren teorian oinarritzen dira.

Letamendiak argi utzi zuen teoria hori ETA politiko militarrarena zela eta ETA militarra ez zegoela ados. Desdoblamenduaren teorian planteatzen zen ETA (pm)-k eratzen zuela erakunde politiko bat, EIA izenekoa, eta militante batzuk jarri zituen erakunde horretan beste pertsona batzuekin.

ETA (m)-k, aldiz, ez zuen horrela planteatu eta dei bat egin zion euskal gizarteari, antolatzeko eta indarrak metatzeko, Euskal Herriaren independentziaren bidean eskubide demokratikoak eta autodeterminazioa eskuratu ahal izateko.

 

Madrilen epaiketa bat izateak zer suposatzen du?

Epaiketa berez zigorra da. Guk argi dugu irtenbide bakarra absoluzioa dela. Ez dago ez frogarik, ez hankarik. Beste gauza bat da Espainiarekin topo egin dugula eta momentu honetan estatua eta betiko indar faktikoak nahiko iraulita daudela, bai Parot doktrina dela eta, bai Euskal Herrian martxan den prozesua dela eta, eta gai direla edozer egiteko.

Baina hasiera batetan pentsatzen nuen nahiko despistatuta nenbilela: zenbait egunetan Madrilen, bestetan etxean… orain bai sentitzen naiz egoera eskizofreniko batetan, Madrilera gure kabuz joan behar gara, furgonetak alokatzen ditugu eta gure artean konpondu. Bi egunetako saioak badira Torrejoneko hotel batetan geratzen gara, horrek dakarren kostu ekonomiko eta pertsonalarekin.

Kontuan hartu behar da pertsona arruntak garela, lan egiten dugula, familia dugula… eta horrek arazoak ekartzen dituela esparru guztietan: bai etxekoekin antolatzeko garaian, bai gure laneko arazoak, egungo lan egoeran egunak eskatu behar direlako. Gertatu izan zaigu egun bat lehenago epaiketa ez dela izango abisatzea.

 

Epaiketa urriaren erdialdean hasi zen. Noiz bukatu behar da?

Gure aburuz ez dute presarik bukatzeko. Edo momentu batetan luzatu nahi dute eta ez dakit buruan data bat izango duten bukatzeko. Urtarrilerako lau bat saio daude eta otsailerako beste sei saio.

Nire ustez ez da otsailean bukatuko. Ez dakit noiz arte luzatuko den. Egia esanda, audientziatik luzatzen saiatzen ari dira. Zein da helburua? Ba izan daiteke, absolbitu behar gaituztenez, bitartean zigor hori ezartzea inolako oinarrietan sostengatu gabe.

 

Nolabait itxarotea giro mediatikoa baretzen den?

Nik nire teoria daukat eta da Europako hauteskundeen kanpainan edo tarte horretan bukatu edo epaia aterako dutela. Baina hor aldagai desberdinak daude. Hau asmatzea zaila da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide