"Bizi dugun eta mendebaldean bukatzen ari den garai hau da landuko dudan gaia"

Aitor Aspuru Saez 2013ko urr. 3a, 13:27

MIKEL AYLLON (Laudio, 1980) aurtengo Igartza sariaren irabazlea da. Garaile izan ostean, urte bat du "Ez tiro egin anbulantziei" eleberria idazteko. Hau izango da bere lehen nobela, 2005ean argitaratutako liburua, "Gerezi gorrien garaia" entsegua izan baitzen.

 

Nola sentitzen zara saria jaso ostean?

Poz handia hartu nuen esan zidatenean saria irabazi nuela. Lehenengo segundoan poza eta gero bertigoa sentitu dut. Orain badaukat ardura hori. Urtebetean bukatu behar dut lana.

 

 

MIKEL AYLLON (Laudio, 1980) aurtengo Igartza sariaren irabazlea da. Garaile izan ostean, urte bat du "Ez tiro egin anbulantziei" eleberria idazteko. Hau izango da bere lehen nobela, 2005ean argitaratutako liburua, "Gerezi gorrien garaia" entsegua izan baitzen.

 

Nola sentitzen zara saria jaso ostean?

Poz handia hartu nuen esan zidatenean saria irabazi nuela. Lehenengo segundoan poza eta gero bertigoa sentitu dut. Orain badaukat ardura hori. Urtebetean bukatu behar dut lana.

 

 

Urtebete eman dezake denbora asko dela eleberri bat idazteko, baina nik buruan dudan nobelak garapen luzea izango du. Gainera niri asko kostatzen zait idaztea, denbora asko behar dut nire iritziz dena ondo egon arte.

 

 

Ez dakit nola joango den urte hau baina egia da ona dela muga izatea eta nire burua behartzea egunero idaztera. Eleberria idazteko garrantzitsua da egunero egitea, tonua hartzeko eta eleberriaren barruan burua izateko.

 

 

 

Orokorrean 10 edo 12 proiektu aurkezten dira Igartza sarira baina aurten 25 izan dira. Zer eskaini diozu epaimahaiari irabazle izateko?

 

 

Nik ez ditut ezagutzen aurkeztu diren gainontzeko proiektuak baina nire proiektua nahiko itxia izan da. Oso argi daukat zer den idatzi nahi dudan hori eta hori baloratu du epaimahaiak.

 

 

Horrelako sariak nahiko bereziak dira: aurkeztu behar duzu 20 orrialdeko lagina eta beste bi edo hiru orrialdetan azaldu behar duzu zer izango den eleberria.

 

 

Nik nahiko argi nuen zer zen idatzi nahi nuena hasieratik bukaerara eta horrek arreta deitu die.

 

 

Bestalde, haiek esanda, anbizio-handiko proiektua da. Eta egia da, proiektu konplexua da teknika narratiboaren aldetik, baita jorratu nahi ditudan gaien aldetik. Eta hori ere kontuan izan dute saria emateko orduan.

 

 

 

Zeintzuk dira konplexutasun horiek?

 

 

Printzipioz gaien aldetik, istorio garaikidea izango da. Gaurko garaiaren inguruan izango da eta hori zaila izaten da.

 

 

Gertutasuna dela eta zaila da garaiari buruzko hausnarketa egitea nahiz eta fikzioak laguntzea. Bizi dugun eta mendebaldean bukatzen ari den garai hau da landuko dudan gaia.

 

 

Denok ikusten dugu, oso begi bistakoa da sistema honek, mundua begiratzeko modu honek, ez duela gehiago funtzionatzen eta hondamendira garamatzala esparru guztietan. Maila guztiak daude krisian: ekonomikoa, politikoa, kulturala, soziala...

 

 

Horren gaineko hausnarketa da liburua. Horretarako hiru atal, zutabe edo gai ditu. Kontraesankorra eman badezake ere hiru gai horiek unibertsalak dira, beti presente egon dira.

 

 

Pentsatzen dut bukatzen ari den garai honen ostean etorriko den garai berrian ere presente egongo direla: askatasuna, heriotza eta maitasuna. Hor ikusten da agian anbizioa, bizi dugun garaia aztertzea eta gai horien bitartez egitea.

 

 

Teknika aldetik baditu berezitasun batzuk. Deigarriena da atzekoz aurrera kontatutako istorioa dela. Gaur egun denbora begiratzeko dugun modua -kronologikoa eta linealarekin- apurtu nahi izan dut, jolastu... hori ere badelako gure garaiaren ezaugarri bat. Denbora bera zalantzan jartzea ariketa interesgarria iruditzen zait.

 

 

Gauzak kontatzeko beste bide bat aukeratu dut eta horrek laguntzen dit pertsonaiei karga bat kentzen edo arintzen. Oso ohituta gaude, edozein pertsona ezagutzerakoan, epaitzera. Pertsona horrek hartu dituen erabakiak epaitu edo egin dituen gauzengatik epaitu. Horrela pertsonak mugatzen ditugu eta nire petsonaiei zama hori kendu nahi diet.

 

 

Hasieratik ezagutuko ditugu pertsonaiak baina ez dugu jakingo zer egin duten, zer hautu hartu zituzten iraganean eta beraz, behintzat hasieratik, ez ditugu epaituko.

 

 

 

Aro bat bukatzen ari dela esaten duzu behin eta berriro, zein da zure eleberrian agertuko den garaiak hartuko duen norabidea, utopia edo distopia?

 

 

Badago bietatik apur bat. Bi pertsonaia daude. Horietako bat Sylvie da eta bera aldaketaren aldekoa da. Berak mundu zahar honen amaiera etor dadin lan egiten du. Eta jakina, buruan badauka mundu berria. Eta hori mundu utopikoa da. Dena aldatu eta hobera egingo duen munduak du buruan. 

 

 

Horren alde egingo du baina momentu jakin batean bere burua eta sentimenduei traizio egingo die, Gerard ezagutuko duen unean. Ez dio bere bihotzak esaten dionari jarraituko. Momentu horretatik aurrera mundua aldatuko da baina ez berak buruan zuen norabidean eta dena bilakatuko da apur bat distopikoa.

 

 

Sylvie eta Gerard dira pertsonaia protagonistak. Ez da arraroa horrelako bi izen topatzea euskal eleberri batean?

Bai. Esan dut nobelak hitz egiten duela garai aldaketen inguruan eta Euskal Herrian bizi ditugu, baina ez hemen bakarrik. Ez nuen hitz egin nahi soilik hemen ematen ari diren edo etortzeko diren aldaketez, baizik eta gure zibilizazio honetan ematen ari diren aldaketez.

Gurean ematen ari dira aldaketa batzuk baina sistema honek bere azkenetan dago eta horrek islada du gure artean.

Horregatik distantzia hartu nahi nuen eta ez nuen irakurlea engainatu nahi. Hau ez da gure herriko, edo behintzat ez bakarrik Euskal Herriari buruzko nobela. Gauza zabalagoa da, orokorragoa da eta horregatik bi izen atzerritar aukeratu ditut. Lehenengo begi kolpean badirudi frantsesak direla baina edonongoak dira. Liburuan ez da leku ezagunik agertzen.

 

 

 

Ez da Euskal Herriaren inguruko nobela baina euskal literaturan agertu ohi den gaia landuko duzu, kartzela. Nondik helduko diozu gaiari?

Lehenengo atalean hausnartuko dut askatasunaren inguruan eta hori izango da lehen atal osoaren atzean egongo den gai nagusia. Eta iruditu zitzaidan modurik onena askatasunaz hitz egiteko muturreko askatasuna ezatik hitz egitea. Edo hor kokatzea pertsonaiak.

Kartzela da horren adierazle garbia. Askatasun ezik garbiena.

Kartzela horretan leku askotako pertsonak daude eta istorio ezberdinak dituzte. Hemen ere erabiltzen da esan dudan teknika. Hasieratik ez dugu jakingo zergatik dauden pertsonaia horiek kartzelan. Eta tartean Gerard bera ere, pertsonaia nagusia, kartzelan dago. Ez da jakingo zergatik dauden bertan hasieratik ez epaitzeko eta irakurleak ez du epailea izan behar.

Euskal literaturan asko hitz egin da kartzelaz euskaldunei lotuta. Eta asko ere hitz egingo da ziurrenik aurrerantzean. Baina kasu honetan beste ikuspegia eman nahi nion. Beste pertsona batzuk, beste kasu batzuk islatu. Lehen atal honek badu magia apur bat eta egoera bereziak biziko dira kartzela barruan.

Badago izen euskalduna duen pertsona bat. Apur bat saihestezina delako eta munduko kartzela askotan euskaldun bat badagoelako.

 

 

Zeintzuk dira zure iturri literarioak?

Egia esan, asko. Asko gustatzen zait irakurtzea, denetatik irakurtzen dut. Bada bat oso agerikoa dena, batez ere lehen atal horretan, eta azkenengoan ere. Beharbada gehiago lehenengo kapituluan nabaritzen da, kartzelaz hitz egiten duelako eta gure artean gehien landu duen gai hori Sarrionandia izan da. Horren inguruan galdera asko planteatu ditu, irudi eta metafora asko eman dizkigu. Eta nahi eta nahi ez nabaritzen da ikutu hori.

Teknika jolasteko joera horren aldetik aipatuko nuke Julio Cortázar eta "Rayuela" bezalako liburua.

Askotan esaten da gero eta gutxiago irakurtzen dela eta literatura hondamendira doala baina istorioak kontatzeko ariketa hori leku askotan presente dago. Zineman, adibidez. Garrantzitsuena istorioak kontatzea da eta zentzu horretan liburuaren hirugarren kapitulua filma baten gidoia izango da, gutxi gora behera. Zinemak bere presentzia dauka eta hirugarren atala horretan Gerardek eta Sylviek daukaten maitasun istorioa kontatuko da. "Before sunset" edo horrelako pelikulen itxura izan dezake.

 

Bukatzeko, hasiera. Nondik dator eleberriaren izenburua?

"Ez tiro egin anbulatziei" atzean dago frantsesek erabiltzen duten esamoldea. Eta nik uste nahiko argia da bere esanahia. Nolabait anbulantziak badira zerbait sakratua. Beti errespetatu behar dena. Orduan, eleberrian gauzak nahiko okertuko dira, egoera gogorrak aurkituko ditugu eta horrek eramango gaitu etsipenera.

Baina liburuarekin aldarrikatu nahi dut ez dugula burua galdu behar. Egoera okerrenetan ere ez garela tirokatzen hasi behar. Eta sikiera anbulantziei ez diegula tiro egin behar eta beti egon behar dela modua, saiatuz gero, jakina, aurrera egitekoa eta garai berriaren hasieran aukera guztiak irekita daudela. Gauzek onera edo txarrera egin dezakete. Gauzak zail edo ilun jartzen badira beti dago aukera zutitzeko, aurrera jarraitzeko eta bide berriak bilatzeko. Hori da apur bat izenburuaz iradoki nahi nuena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide