Ugarteko plazan dagoen pergolaren ingurunean oihala jarriko du Udalak. Estaliko den zatia errepidetik eta Kioskotik gertuen dagoena da, 20 metroko luzera eta 5 metroko zabalera du. Poliesterreko ehun berezia da aukeratu den materiala eta 10 urteko garantia dauka.
Koldo Zabala zinegotziak adierazi duenez, aukera desberdinak baloratu eta gero hautatu da ehun mota hori, herri askotan erabiltzen da gaur egun estaldurak egiteko eta Ugarteko pergolaren estetika eta esentzia mantentzea ahalbidetuko du. Dauden zutabe eta habeetan sostengatuko da ehuna. Pergolaren ingurunean hiri-altzari berriak jarriko dituzte ere bai.
Lanak urtarrilan hasi eta otsailerako bukatuta egotea aurreikusten da, 20.000 euroko aurrekontua dute guztira.