Udalak lanpostuen balorazioa egin du, barne funtzionamenduan eraginkortasun handiagoa lortze aldera. Horretarako, lanpostuen arteko erlazioetan aldaketak egin dira. Izan ere, aurreko egoeran, lan bakoitzaren barnean bereizmen txikiak aurkitzen ziren. Aldaketa berriekin, administrariak administrari izatea bilatuko da, nahiz eta kategoria horren barnean funtzio desberdinak barnebildu. Hala, funtzionamendua sinpleagoa egitearekin batera, eraginkorragoa bilakatzen da. Horretaz gain, soldatak parekatzea ere bilatuko da, kategoria berdineko langileen artean unean dagoen desberdintasuna ezabatu ahal izateko. Egun, gobernu taldearen arabera, lanpostu berdinarengatik soldata desberdintasunak daude. Gainera, hori berdintze aldera, soldata jaitsierarik emango ez bada ere, zenbait izoztu daitezkeela adierazi dute, maila berean ezarri arte.
Prozesua aurrera eraman ahal izateko, Lanpostuen Balorazioa izeneko tresna sortu behar izan dute. Legeak eskatuta, Udalek tresna horren jabe izan behar duten arren, Laudiokoak ez zuen eskakizun hori betetzen. Berau lortzeko lehenengo saiakera 2001ean egin bazen ere, azkeneko urteotan ez da berebiziko indarrik egin aurrera eraman ahal izateko. Gobernu taldearen esanetan, urte batzuk atzerago, prozedura judiziala ireki zen. Hala ere, bide hori motelegia dela iritzita, uko egin eta bide politikotik lortzeari ekin zioten. Bada, balorazio batzordearen bilerak berreskuratu zituzten, aurreko agintaldian desagertutzat eman eta gero.
Batzordean alde politikoa, alde teknikoa eta langileen ordezkariak aurkitzen dira. Azkeneko hauek bi sindikatu nagusietan banatzen dira. Gainera, laguntza teknikoa kanpoko enpresa batetatik jasotzen dute. Hori horrela izanda ere, Udalak prozedura adostasunez egin dela adierazi nahi izan du. Izan ere, enpresak aukerak aurkeztu arren, prozedura osoa alde guztien oniritziarekin egin da.
Gauzak horrela, eta behin alde teknikoa ebatzita, alderdi politikoekin hitz egiteko garaia heldu da. Gobernu taldeak, horretarako, indar bereziarekin jokatzen du. Izan ere, ez da soilik berak defendatutako prozedura izango, langileen ordezkariekin hitzarmena lortu baitu.