"Abortua delitu bilakatu nahi dute"

Aitor Aspuru Saez 2013ko abe. 18a, 18:05

TERE MALDONADO Feministalde-ko kidea da. Hainbat testu idatzi ditu emakumea eta feminismoaren inguruan eta ostiralean 18:30ean Laudioko Kultura Etxean egongo da PP prestatzen ari den abortuaren inguruko legeari buruz hitz egiteko, Anabel Sanzekin batera. Emaion talde feministak antolatu du hitzaldia.


Zer landuko duzue hitzaldian?

TERE MALDONADO Feministalde-ko kidea da. Hainbat testu idatzi ditu emakumea eta feminismoaren inguruan eta ostiralean 18:30ean Laudioko Kultura Etxean egongo da PP prestatzen ari den abortuaren inguruko legeari buruz hitz egiteko, Anabel Sanzekin batera. Emaion talde feministak antolatu du hitzaldia.


Zer landuko duzue hitzaldian?

Lehenik eta behin esan behar dugu ez dakigula zehaz-mehatz nolakoa izango den abortuaren lege berria. Zurrumurru eta filtrazio asko egon dira eta badauzkagu pista ugari apuntatzen dutenak norabide jakin batean. Esperokoa da, zoritxarrez, sekulako atzerapausoa izatea Gallardonek egin nahi duen erreforma hau.

Atera denaren inguruan arituko gara. Momentu honetan, abortuari dagokionez, feministontzako, ez bada egoera hoberena ere, etorriko denarekin askoz okerrago egongo gara eta kriston atzerapausoa izango da.

 

Abortuaren aldetik, zer oztopo mota suposatuko ditu Alderdi Popularra prestatzen ari den lege berria?

Orain daukagun legea "epezko legea" da. Epe baten baitan haurdun dagoen edozein emakumek bertan behera utzi dezake haurdunaldia inolako arrazoirik eman gabe. 14 asteko epea dago horretarako. Gu epea luzatzekoaren aldekoak gara.

Antza, Gobernu popularrak egin nahi duena da berriro abortua kode penalean sartzea. Abortua delitua bilakatu nahi dute eta agian mantenduko dituzte salbuespen batzuk. Ez dakigu zeintzuk izango diren. Baina badirudi asko murriztuko dituztela.

PSOEko Gobernuak onartutako legean salbuespen batzuk aurreikusten ziren, emakumearen osasuna arriskuan egongo balitz, esaterako. Eta ez bakarrik osasun fisikoa, psikikoa ere jasotzen zen. Antza baldintza hori ere kendu nahi dute, amaren osasunarena psikikoarena.

Salbuespeneko kasu horietan bortxaketa aurreikusten zen. Emakume bat haurdun geratzen bazen bortxaketa baten ondorioz ez zen delitua abortua. Eta ez dakigu hori guztia nola geratuko den, oso baldintza murriztuak utziko baitituzte.

Delitutzat jotzeak suposatuko du estatu espainolean, egun batetik bestera, 100.000 emakume baino gehiago legez kanpo geratuko direla.

Praktikan zehaztu beharko dute legean baina antza ministroak esan du emakumerik ez dela joango kartzelara. Beraz ez dakigu sendagileen aurka joko duten. Oso bitxia da esatea kode penalean delitu gisa jasotzen dena egiteagatik inor ez dela kartzelara joango.

Haiek bere kontraesanak izango dituzte, galdetu zaio ministroari. Argi dagoena da abortuak egongo direla eta legez kanpokoak izango direla. Kriston arazoa izango da. Abortatu nahi duten emakumeentzat ere, jakina.

 

Eta zer alternatiba geratuko zaie abortatzeko eskubidea praktikan jarri nahi duten emakumeei?

Aspaldi, mugimendu feministak atzerrira joatea abortatzera antolatu zuen, diru gutxiko emakumezkoen kasutan. Azken finean, dirudunek askoz errezago izaten dute aukera hori. Emakumeen maila sozialaren arabera eragin gehiago edo gutxiago izan du honek.

Gaur egun existitzen da abortu farmakologikoa deitzen dena. Askoz errezagoa da gauzatzeko, etxean eta abar, nahiz eta gutxieneko kontrola egon behar den, ez da ebakuntzarik behar.

Hor badago beraz aukera bat, beti ere ulertuta legez kanpokoa izango dela.

 

Zer azalpen mota eman ditu Alderdi Popularrak lege berriaren harira?

Badakigu horiek Eliza Katolikoaren diskurtsua jarraitzen dutela kasu hauetan. Gizaki baten hilketa dela esaten dute eta guk hori ez dugu onartzen.

Hala ere, galdetu behar zaie katolikoei zergatik ez duten onartzen benetako heziketa sexuala nahigabeko haurdunaldiak ekiditeko. Alde batetik esaten dute abortua ezin dela praktikatu hilketa delako baina bestalde ez dute onartzen sexualitatearen inguruko heziketa: antisorgailuak, heterosexualitatea ez dela sexualitate bakarra, sexualitatea ez dela amatasunarekin lotuta joan behar...

Heziketa sexuala ere ez dute nahi. Sexualitatea zikinkeria eta bekatuarekin nahasten dute eta horren jarraitzaileak dira Alderdi Popularreko kideak.

Oso larritzat jotzen dut nik sinesmen pribatu batzuk esparru publikora zabaldu nahi izatea gainontzekoei inposatzeko.

 

Azken lege honen gainetik, zein da helarazi nahi duzuen aldarrikapena?

Gure mezua oso argia da: ezetz esan nahi diogu atzerapauso emateari. Eta azpimarratu nahi dugu emakumeon eskubidea erabakitzeko. Ulertuta emakume haurdun baten erabakia edozein izan daitekeela.

Nahigabeko haurdunaldia boluntario bilakatu daiteke eta haurdunaldi boluntarioa froga medikuen emaitzen arabera nahigabekoa bihurtu daiteke. Emakumearena izan behar da azkenengo hitza. Aurrera egingo duen edo ez.

Eta aipatu behar da emakumeek erantzukizun zentzu handiarekin jokatzen dutela beti. Eliza katolikoa edo gobernua ez da inor esateko emakume batek bere gorputzarekin zer egin behar duen. Edozein zentzutan, emakume guztiek ez baitute erabakitzen abortatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide