Laudioko Udalak adjudikaturiko enpresak, urtea bukatu baino lehen, Luiaondotik gertu dagoen Altuiko auzora ur edangarria kanalizatzeko lanei ekingo dio. A-625 errepidearen ondoan dagoen auzo horretara, orain arte iturburuetatik ateratako ura iristen zitzaien.
2014ko otsailean bukatuko diren lanek 47.650 euroko kostua izango dute. Bestalde, lanek burutu ahal izateko Udalak baimena eskatu behar izan dio Arabako Foru Aldundiari, ur hodien ibilgua errepidearen ondotik joango baita.
Beste alde batetik, Udalak ere aurrera urratsak eman ditu Santa Luziara ur edangarria bideratzeko proiektuarekin. Koldo Zabala herrilan arduradunak adierazi duenez bi ziren hasiera batean proiektu hau ahalbidetzeko aukerak: Dubirisetik ura ponpatzea edo Santa Luziako biztanleek edaten zuten iturburuetako ura purifikatzeko azpiegiturak eraikitzea.
Bigarren aukerak kostu altuegiak zituela eta, gainera kontuan harturik ez zuela ur horniketa egonkor bat bermatzen urte guztian zehar, Dubirisetik ponpatzea erabaki zuten azkenean. Uraren horniketaren bermatze horrek Santa Luzia inguruetako baserriak egonkorki bertan bizitzeko modukoak izatea ekarriko luke.