Basurbil programaren harrera ona ikusita, udalak tamaina horretako ekimenekin jarraitzea erabaki du. Aipatutako programan, baso gestiorako lan poltsa ireki zen, 55 urte gorakoei zuzenduta. 6 pertsona izan ziren lana eskuratu zutenak. Oraingoan ere, prozesu hura gestionatu zuen Sartu Araba enpresarekin elkarlanean, lan eskaintza berri bat zabaldu da, espazio publikoen mantenura bideratuta.
Ekimena 55 urte gorakoentzat eta 30 urte beherakoentzat zuzenduta dago. Talde bietatik hiruna kidek izango du lana eskuratzeko aukera. Hartarako, abenduaren 9rarte egongo da apuntatzeko beta, Sartuk Gardeako poligonoan duen hamabosgarren pabilioian edota Garapen Agentziarekin kontaktuan jarriz.
Lanpostua eskuratu ahal izateko, aipatutako adin tarteetan egoteaz aparte, Lanbiden apuntatuta eta azkeneko 12 hilabetetatik 6tan langabezian egon izana eskatzen da.
Lana herrian beharrezkoak diren obra txikiak egitera bideratuta dago. Programak, guztira, 110.000 euroko aurrekontua izango du. Interbentzioak lau multzotan bereizi ditu udalak: zoladura eta bide-zoruen mantenua; zuhaitzak inguratzen dituzten euskarriak konpondu, belar txarrak kendu eta akabera estetikoa ematea, kale seguruagoak lortu eta hesi arkitektonikoak ezabatzeko helburuarekin; igeltserotza lan txikiak; eta, azkenik, errekurtso natural eta urbanoen garbiketa eta kontserbazioa, ibai bazterretan edota zuhaixketan kasu.