CD Laudiok bere lehen taldeko jokalarien ordainketatan bi hilabetetako atzerapena pilatu duela eta jokalari gehienek salaketak bideratu dituztela zabaldu berri da hedabideetan.
Futbol taldeko zuzendaritzak salaketen inguruko jakinarazpen publikorik egin ez badu ere, ordainketen atzerapena, denboraldia urte amaierara hurbiltzean, aldiro gertatzen den egoera dela adierazi diote Aiaraldea Komunikazio Leihoari zuzendaritzaren hurbileko laguntzaileek. CD Laudioko presidenteak hala ere, dagoeneko bi hilabetetako zorra pilatu dela aitortu du Laudio irratiari emandako adierazpenetan.
Hartara, erakunde publikoen ekarpenek, Laudioko udalarenak eta hein handiago batean Aldundiarenak, pisu handia dute klubaren aurrekontuan eta ordainketen atzerapena, diru-laguntzak kitatzeko darabiltzaten prozedurek eragindakoa dela azpimarratu dute. “Beste urte batzuetan antzerako egoeran aurkitu gara eta abenduan fitxa guztiak ordaindu dira, babesle gehienen dirua jasotzen den garaia izanen da hori” adierazi du zuzendaritzako laguntzaile batek.
Denboraldi honetako hamabi jokalari eta aurreko denboraldiko beste lau, kluba ez ordaintzeagatik salatu dutela zabaldu da aste honetan hainbat hedabidetan. Hainbat jokalarik azaldutako kezka berriz, zuzendaritzak ordainketen atzerapenaren inguruko informaziorik aldagelan ez duela banatu izan da.