Herriko 76 denda, taberna eta enpresa txikik euskararekiko hartuko duten konpromisoa sinatu dute udalarekin

Txabi Alvarado Bañares 2013ko aza. 29a, 11:03

76 dira euskara erabiltzeko konpromisoa Laudioko Udalarekin sinatzera animatu diren herriko denda, taberna eta enpresa txikiak. Laudioko merkatari, ostalari eta zerbitzu-enpresarientzako euskara planaren baitan sinatu dute akordioa. Horrela, sinatzaile bakoitzak konpromiso maila bat hartuko du euskararekiko.

76 dira euskara erabiltzeko konpromisoa Laudioko Udalarekin sinatzera animatu diren herriko denda, taberna eta enpresa txikiak. Laudioko merkatari, ostalari eta zerbitzu-enpresarientzako euskara planaren baitan sinatu dute akordioa. Horrela, sinatzaile bakoitzak konpromiso maila bat hartuko du euskararekiko.

Hiru dira zehaztu diren konpromiso mailak. “Oinarrizko konpromisoa” hartu duten denda, taberna eta enpresek ondorengo elementuak euskara hutsez edo elebitan izan beharko dituzte: jendaurreko errotulazio guztia (kanpokoa zein barrukoa), publizitatea eta kanpo eta barne erabilerarako elementuak (logotipoa, zigilua, gutun azalak, zozketak  etbr.). Bezeroekin hitz egiterako orduan lehen eta azken hitzak (“Kaixo”, “Agur” eta antzekoak) euskaraz esateko konpromisoa ere hartu beharko dute. Parte hartzaile gehienek (44) konpromiso maila hau hartzera mugatu dira.

Konpromiso maila “ertaina“ hartu dutenek, arestian aipatutako guztia egiteaz gain,  bezeroengana euskaraz zuzenduko dira eta erakundeekiko ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz egingo dituzte. 33 dira konpromiso maila honetara iritsi diren denda, taberna eta enpresak.

Konpromiso maila “gorena”, aldiz, bik baino ez dute hartu: Antze Ikastegiak eta Hitz logopediak. Maila horrek bere egiten ditu aurreko bi mailen betebeharrak, eta honakoak gaineratzen ditu: langileekiko ahozko harremanak euskaraz izatea eta idatzizkoak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz izatea. Langile berriak kontratatzean euskaradunak izaten saiatzea ere eskatzen da eta langileek euskara ikas dezaten erraztasunak ematea.

Bi urteko iraupena izango dute sinatutako hitzarmenek, eta hemendik sei hilabetera berrikusiko dira, betetzen diren ikusteko. Baina euskara plana ez da 76 parte hartzaileetan geratu nahi. Urtarriletik aurrera parte hartzaile gehiago bilatzea da asmoa, “erdigunetik harago, auzoetan” dauden denda, taberna eta enpresen artean.  

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide