"Idazlea izatea ez da zaila, literaturatik bizitzea bai. Ezinezkoa da"

Erredakzioa 2013ko aza. 28a, 11:33

Txani Rodrigez (Laudio, 1977) kazetaria eta idazlea da. Liburu berri bat plazaratu du Elkar argitaletxearekin. Ekainean “Agosto” eleberria kaleratu zuen.

Umeentzat liburua argitaratu duzu.Zertan oinarritzen da?

Txani Rodrigez (Laudio, 1977) kazetaria eta idazlea da. Liburu berri bat plazaratu du Elkar argitaletxearekin. Ekainean “Agosto” eleberria kaleratu zuen.

Umeentzat liburua argitaratu duzu.Zertan oinarritzen da?

“Artzaina izan nahi dut, eta zer?” izena du eta azaroaren 5ean aurkeztu genuen Donostian. Jokin Mitxelena marrazkilariarekin egin dut. Liburu honetan garrantzi handia du, bere lana ezinbestekoa delako. 8 urtetik gorako haurrei zuzendua dago. Ilustrazio nahiko ditu. Ez da luzea, umeentzat denez arin irakurtzen da. 


Istorioak zer kontatzen du?

Ettore izena du protagonista nagusiak. Izen italiarra da. Ettoreren amari asko gustatzen zitzaion aste santuan Erromara joatea. Baina behin, bero asko zegoela-eta, oporrak igarotzera Gorbeiako landetxe batera joatea erabaki zuten. Ettore Bilboko Isosaki dorreetan bizi da, alemaniera ikasten du, padelera jolastu, pianoa jo… Goi mailako haur bilbotarra da.  Ikastetxera doanean ardiak ikusten ditu leihotik eta asko gustatzen zaizkio. Landetxean artzain bat ezagutzen du, eta artzaina izatea erabakitzen du. Gurasoek ez dute ideia ondo hartzen, nahiz eta ama oso ekologista izan. Landetxean, ordea, ama ez da ortutik azaltzen, aspertu eta semearekin haserretzen da, artzaina izan nahi duelako.Umeak artzaina izateko ikasketarik ez duela behar uste du, baina artzainak ikasten jarraitzeko konbentzituko du: abereen baimenak, kontuak… egiteko ikasi behar da eta.


Benetako istorioa da?

Ez, asmatua. 


Zer adierazi nahi izan duzu liburuaren bidez?

Alde batetik haurrek nahi dutena egiteko askatasuna izan behar dutela. Bakoitzaren ametsa errespetatu behar da. Beste aldetik, baserri munduaren eta bizimoduaren aldarrikapena da. Gehienok gara Ettoreren ama bezalakoak eta.


Euskaraz egiten duzun lehen lana da?

Bai. Ideia bururatu zitzaidan eta haurrentzat zela argi ikusi nuen. Ausartu nintzen, animatu ninduten eta horrela joan da. Esaldi laburrak eta orainaldian ditu. Egun, euskaraz gauza luze bat idaztera ez nintzateke ausartuko.


Umeentzat zuzendutako lehena da?

Ez. Komiki batzuk egin nituen euskarara, ingelerara, frantsesera eta portugesera itzuli zirenak. Ordukoan  Natxo Fernandez gasteiztarrak marraztu zituen.


Zenbat lan dago liburu bakoitzaren atzean?

Ideia asmatu, idatzi, borobildu, marrazkigileari pasa… dezente. 


Idazle gisa bilakaera sumatzen duzu?

Ekainean eleberria kaleratu nuen. Orain hau, espero dut hobera bilakatzea. Bilakatu naizen ez dakit baina gauzak bidea eginez lortzen dira. 
Aiaraldeko literaturaren etorkizuna nola ikusten duzu?Ondo. Antza denez, bada idaztea gogoko duen jendea. Giroa ere badago, baldintzak ez dira onenak baina eskualdean sormena ez dago krisian. Mikel Ayllon, Amado Gomez de Ugarte, Patxi Iturregi, Inma Roiz…


Zaila da idazle izatea?

Izatea ez, literaturatik bizitzea bai. Ezinezkoa da.


Krisialdiak nola eragin dio literaturari?

Krisialdi garaian sormenak gora egiten du, egoera latzei azalpenak bilatzeko edo lasaitasuna lortzeko beste bide batzuk ematen baititu.  BEZaren igoerak kulturan asko eragin du. Gero eta diru gutxiago dagoenez, liburu gutxiago saldu eta argitaratzen dira. 


Liburu elektronikoekiko ze iritzi duzu?

Guretzat ez da txarra izango baina jendeak pirateatzeari ekiten badio guk ezingo dugu irabazirik eta lanerako bitartekorik izan. Euskarria ona iruditzen zait, baina sormen lana egiten duenarekiko errespetua ezinbestekoa iruditzen zait.


Aurrera begira baduzu beste proiekturik buruan?

Gaztelerazko eleberri bat dut buruan. Baina egunen batean euskaraz ekingo diot. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide