Aiarako suhiltzaileen parkeko eraikinaren egoera txarra dela eta, Eusko Jaurlaritzak 1.650.000 euroko inbertsioa egingo du. Antza martxan jarri zenetik aurkeztutako egitura arazoez gain, kamioiek zailtasunak dituzte barrura sartzeko eta larrialdietarako irteerek ez dituzte minimoak betetzen. Hala ere, proiektua itxi gabe dago. Izan ere, aukera desberdinak analizatzen ari dira: eraikina behera bota eta leku berdinean berria egitea, beste leku batetan eraikitzea edota beste udalerri batetara eramatea.
Hala, Laudioko PSEk gaur udalbatzara eramango duen mozioan, azkeneko aukera hori baztertu eta parke berria Laudion mantentzea proposatzen da. Haien arabera, eskualdeko udalerririk garrantzitsuena izatea erabakigarria da. Horregatik, Udalari Eusko Jaurlaritzarekin kontaktuan jarri eta borondate hori aurkeztea eskatu diote. Baita eraikin berria beste kokaleku batetan egin behar bada beharrezkoak diren lurrak eskaintzea ere.