"Harremanei buruz eztabaida sortu behar dugu geure buruan, bikotearekin, lagunekin, familiarekin; gizartearekin, oro har"

Aitor Aspuru Saez 2013ko aza. 25a, 07:06

DIANA IBARGUTXI (Laudio, 1983) psikologoa da eta elkarte ezberdinekin aritu da elkarlanean. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna dela eta hitzaldi-tailerra eskainiko du Raquel Font-ekin menpekotasun emozioanalari buruz 27an, 18:30ean Kultura Etxean.

Nola definituko zenuke menpekotasun emozionala?

Lehenengoz argitu behar dena kontzeptu hau ñabardurez beteta dagoela da, eta zehaztugabeko mugak dituela ere bai, kasu askotan lausotuta daudenak, alegia.

DIANA IBARGUTXI (Laudio, 1983) psikologoa da eta elkarte ezberdinekin aritu da elkarlanean. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna dela eta hitzaldi-tailerra eskainiko du Raquel Font-ekin menpekotasun emozioanalari buruz 27an, 18:30ean Kultura Etxean.

Nola definituko zenuke menpekotasun emozionala?

Lehenengoz argitu behar dena kontzeptu hau ñabardurez beteta dagoela da, eta zehaztugabeko mugak dituela ere bai, kasu askotan lausotuta daudenak, alegia.

Dena den, testuinguru honetan patologikoa denarekin erlazionatzen dugu. Hau esanda, bikote harremanetan eman daitekeen menpekotasun emozionala jokaera-patroi bat da, zeinetan gehiegizko behar afektiboa (inoiz asetzen ez dena), bestearekiko idealizazioa eta men egitea dira ezaugarri. Ezaugarririk bereizgarrienen bat honako hau da: menpekoari harremanak sortarazten dion ondoeza handia izan arren, ez da harreman hori uzteko gai, beste pertsonari "patologikoki" lotuta dago eta.

Bikote harremanetan nolakoak izan daitezke menpekotasunaren sintomak?

Lehengoa, harreman asimetrikoa dela da, zeinetan menpekoak bere burua baliogabetzen duen, bestea atxikitzen saiatzeko.

Bigarren sintoma, menpekoari harremanak ondoez mail altua sortzen diola da, pixkanaka "itzaliz" joaten dena.

Hirugarrena, harremaneran etetearekiko izua da, eta, etetea gertatzen bada, mendekoak itzelezko ahaleginak egingo ditu harremanari berriz ekiteko.

Laugarren sintoma da menpekoek harremana ez dutela elkarrenganako maitasunaren truke bat bezala ulertzen, uztea saihesteko etengabeko borroka bat bezala baizik. Sintoma gehiago daude, baina azaletik hauek dirudite nabarmenenak.

Zeren bitartez egin diezaioke aurre pertsona batek menpekotasunari?

Guk autoestimua indartzeko eta gugana berriro itzultzeko terapiara joatea gomendatzen dugu. Hortik, harremana bide osasuntsuagoetatik berbideratzen saia daiteke. Hau ezinezkoa bada, menpekoari harremanaren etete-prozesuan lagundu behar zaio.

Prebentzioari dagokionez, autoestimu maila altua mantentzea garrantzitsua da, baita norberaren ezagupen on bat izatea ere. Honetaz gain, gure bikote-harremanean zer nahi dugun aztertu behar dugu.

Sarritan gertatzen dena hau da, hots, ez dakigu nor garen ezta zer behar dugun, beraz, horrela ezinezkoa da bikotean (eta bikote-harremanean) zer nahi dugun jakitea. Hau guztiaren inguruan lan egitea ezinbestekoa da.

Ezinbestekoa da bikote harreman klasikoak zalantzan jartzea menpekotasuna gainditzeko? Non daude menpekotasunaren erroak, zure ustez?

Sistematikoki zalantzan jartzea baino gehiago, auzitan jartzea da egin behar duguna, harremanei buruz eztabaida sortu behar dugu geure buruan, bikotearekin, lagunekin, familiarekin; gizartearekin, oro har. Menpekotasunik gabeko bikote harreman “konbentzional” bat eduki daiteke, noski!, baina auzitan jartzea eredu klasikoei buruz hausnartzea dakar, hots, gizon-emakume ereduak, autoritate-otzantasun ereduak eta txikitatik ikusi ditugun eredu klasiko horiei buruz hausnartzea (“printzipe urdina”, gizon eta emakumeen rolak ipuinetan...).

Ezin dugu edozein harreman mota onartu, eta zein motatako harreman eduki nahi dugun pentsatu behar dugu, zer onartuko genuke eta zer ez. Agian niretzat ona dena ez da ona zuretzat, eta alderantziz.

Hausnarketa hau egitea oso onuragarria da, ez menpekotasun emozionala gainditzeko, baizik eta haren aurrean babesteko. Lehen esan bezala, menpekotasun emozionalaren ezaugarri bat hori da, hain zuzen: menpekoak ez duela pentsatzen (benetan pentsatzen, hausnartzen) bere harremana ona, hala-moduzkoa ala txarra den. Era berean, ez du harreman horretatik ezer onik ateratzea espero ere, bere energia guztia harremana mantentzean finkatzen baita, txarra izan arren.

Menpekotasun emozionalaren erroei dagokionez, egile batzuk Bowlyren “antsietateko atxikimenduan” (“apego ansioso” deitzen zaio gazteleraz) kontzeptuan kokatzen dute, baita patroi desegoki intrafamiliarretan ere.

 

Hau ez da egingo duzuen lehenengo tailerra, norekin lan egin duzue orain arte eta zeren inguruan?

Guk biok ibilbide ezberdinak eraman ditugu, egia esan. Raquelek (nire kideak), Psikologia baino lehen Filosofia ikasi zuen. Bere interesik handiena psikologia klinikoaren ildotik doa, osasun publikoan, batez ere.

Nire aldetik, Psikologia ikasi eta gero Magisteritza ikasi nuen, Haur Hezkuntza, hain zuzen ere. Eskola batean psikologa gisa aritzen nintzelarik, beste esparru hori zabaltzea erabaki nuen. Psikologiaren inguruan lan ezberdinak izan ditugun arren, iaz nik Amurrioko Hauspoa elkartean tailerren bat egin nuen eta Raquelekin hitz egin ondoren, hasi ginen buruari bueltak ematen, tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak etab. egiteko asmoz.

Orain, Laudioko Udalaren bitartez, Jakaranda izeneko emakumeen elkarte batetan bi tailer eman ditugu, eta oso pozik gaude horrekin (esan dutenez, haiek ere bai, beraz, primeran). Autoestimua, emozioak eta hobetze-pertsonalari buruz egin genuen lehenengoa, eta jokaera eta komunikazio motei buruz (“asertividad”) bigarrena. Oso praktikoak izan dira, parte-hartzea sustatzea helburu.

Honetaz gain, Udaletara bidaltzeko proiektuetan lan egiten gaude. Laudioko Kultur Etxean, Azaroaren 27an bikote harremanak eta menpekotasun emozionalari buruz emango duguna, Azaroaren 25aren inguruan egingo den programazioaren barruan sartuta dago, emakumearen aurkako indarkeriaren aurkako eguna delarik. Ea ondo ateratzen den!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide