Hainbat izan dira hurrengo bi egunetarako Laudioko Gazte Asanbladak antolatu izan dituen ekintzak II. Jardunaldi Antikapitalisten harira.
Gaur bertan, 17:00etan, Aiaraldean Frackingaren inguruko hitzaldi bat gauzatuko da Fracking Ez! Aiaraldea elkarteak zuzendurik. 19:00etan beste hitzaldi bat izango da, gazteleraz honakoa, "Situación del movimiento obrero y de lxs presxs políticos" izenburuaren pean, Juan Manuel Olarieta idazleak, Aitor Cuervo Taboada olerkigileak eta Suso Cela preso ohiak gidatuta.
Gau partean kontzertuak izango dira 22:00etatik hasita, Bad Sound System eta Duban musika taldeekin.
Bihar, aldiz, bi hitzaldi izango dira bertan: lehena, arratsaldeko 17:30etan hasiko dena iragan greba orokorrean izandako Bilboko Deustua auzoan izandako istiluen ondorioz auzipetuak dauden gazte grebalariek eramango dute aurrera euren egoeraren berri eman eta berau salatzeko; bigarrena, 19:00etatik aurrera gauzatuko da, "Aiaraldeko langileriaren oraina eta etorkizuna" hizpide gisa hartuz, solasaldi moduan, Aiaraldeko Lanbide Abertzaleen Batzordeetako kideen parte hartzearekin.
Larunbat gauean kontzertuak izango dira, gaueko 23:00etatik aurrera, Aizkorakada, LBF (Landazuri Mad Foundation) eta talde sorpresa baten eskutik.