Mundubat eta RASD elkarteek emakume palestinarrei buruzko hitzaldia antolatu dute. Hizlaria Khitam Sa'afin izango da, Emakume Palestinarren Komiteen Batasuneko lehendakaria.
Erakunde honek, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean, emakumeen jabekuntzaren alde lan egiten du, baita horien eskubideak bermatu eta haien alde legeak alda daitezen ere. Honetaz gain, erakunde hori Israelen okupazio ilegalaren aurka lan egiten duen nazio mugimenduaren parte da eta elkarlanean ari da globalizazioaren eta militarizazioaren aurkako nazioarteko mugimendu aurrerakoiarekin. 1980an sortu zen eta bi helburu nagusi ditu: emakume palestinarren jendarte kontzientziazioa eta horien bizitza aldatu eta hobetzea, ikuspegi progresista batetik.
Khitam Sa'afin hainbat alditan egon da estatu espainiarrean, Palestinako egoera eta hango emakumeen aldarrikapenak ezagutarazteko.
Hitzaldia azaroaren 13an izango da, arratsaldeko 7etan, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.