PSEk Udal Alokairu Programaren inguruan aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuen Laudioko Udalbatzak iragan urriaren 28an. Udalak alokairuan dituen etxebizitza sozialen errentak eguneratzeko, Gobernu-batzordeak erabili duen prozeduran, kalkulu akatsak izan direla adierazten zuen PSEk eta, zuzenketak jasotzeaz gain, gaiaren kudeaketa Udalbatzaren eremuan erabakitzea ere eskatzen zuen.
Proposamenak ez zuen bozketan aurrera egin eta udal kontu-hartzaile eta gaikuntza-idazkaritzaren txostenak eskatuko ditu orain PSEk erabilitako prozedura Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak 2010eko azaroaren 3an emandako aginduarekin bat datorren argitze aldera.
PSEk banatutako prentsa-oharrean gogorki salatu du Txaro Sarasuak Bilduk gai honen inguruan Laudion jorratutako erabakia: “tamalgarria da nork eta Bilduk Laudion %20a eta %47a bitarteko igoerak aplikatzea, batez ere alokairu sozialak bizikidetza-unitatearen sarreren %15a ezin duela gainditu eta alokairu publikoko politikek sarrera horien %30etik gora ez direla bideratu behar defendatzen ari direnean”.
Honez gain, igoera egokitu zaien herritarrekin harremanetan jarriko dela iragarri du PSEk: “errentaren igoera Aginduak aurreikusten duena baino handiagoa da eta Gizarte Ongizate Arloari alokairu kontratua berriz aztertzea eskatu diezaioten”.
Kontratu publikoen kudeaketa
Urriaren 28ko udalbatzan bestetik, Nerea Gonzalezek, Omnia ekimeneko bozeramaleak, Gobernu-batzordeak kontratu publikoak erabakitzeko erabilitako prozeduraren inguruko erregua egin zuen.
2011ko uztailaren 8az geroztik Gobernu-batzordeak kontratu publikoen inguruan erabakiak hartzeko aginpiderik ez duela adierazi zuen Omniak. Arantzarreko kamio-aparkalekuaren inguruko ebazpena Udalbatzaren gai-zerrendan azaltzean, orain arte Gobernu-batzordeak honelako kontratu publikoak bideratzeko erabilitako prozedura aztertu du Omnia ekimeneko kabinete juridikoak eta ondorioz, orain arte Gobernu-batzordeak bideratutako kontratuak baliozkoak diren aztertzeko erregua egin du Nerea Gonzalezek, Udalbatzak erabaki beharrekoak direlakoan.
Hutsegite administratiboa detektatuta, Gobernu-batzordeak Udalbatzaren eskuduntzak hartzeari uzteko erregua bideratu zuen Nerea Gonzalezek. Aurrerantzean kontratu publikoen inguruko erabakiak Udalbatzan bozkatzea eskatu zuen Omniako bozeramaleak eta, behar izanez gero, Gobernu-batzordearengan eskuduntzen delegazioa bideratzeko proposamena berriro bideratzeko proposamena luzatu zuen. Omnia ekimena proposamen hau beste inoiz bozkatu denean alde agertu dela gogoratu zuen azkenik.