Laudioko Udalak zerga, tasa eta zerbitzu publikoen prezioen %2,2ko gorakada bat iragarri du, hasiera batean gorakada hori %2,7a izatea aurreikusten bazen ere. Erabakia Bildu, PSE, PP eta Omniaren aldeko bozekin onartu da, EAJk abstentziorako hautua izan duen bitartean neurri honen “sen diru-biltzailearekin” bat ez datozela argudiatuta. Hasierako plan fiskalak Udal Batzako talde politikoen ekarpenak jaso izan ditu azken asteotan, jatorrizko aurreikuspenak osatzeko balio izan dutelarik; zentzu horretan, udal gobernuko bozeramaile de Amets Meazak ekarpenak egin izan dituzten banako nahiz kolektibo guztiei eskerrak luzatu nahi izan dizkie, egon izan den kontzentzua goraipatuz.
Udal Batzak onartu dituen neurrien artean nabarmengarrienetariko bat Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ, IBI famatua) igoera progresiboa litzateke, %0,24ko gorakada izatetik %0,25koa izatera pasako dena, Arabako Foru Aldundiarekin hitzartutakoaren arabera zerga honen gorakada progresiboa %0,30koa izan beharko da zortzi urteren buruan.
Bestalde, zabor bilketaren tasari dagokionez, hasiera batean %10eko goratze bat espero bazen ere, gorakada hori %2,2ra mugatzea onartu dute. Aspektu honi dagokionean zenbait iritzi kontrajarri izan dira talde politikoen artean, epeei loturik batik bat. Dena delarik ere, zaborren kudeaketa Aiarako eskualdeari dagokionez neurriok gainontzeko herriekin modu integral batean adostu beharra dagoela nabarmendu nahi izan dute.
Azkenik, Kultura Etxean eskaintzen diren ikastaroei begira, tasen gorakada hau %2,2koa izango da baita ere, finantza egoera desegoki batean dauden pertsonei eta kolektiboei neurri bereziak ezarriko zaizkielarik. EAJk aurkezturiko proposamen bat alboratu da; honek bonifikazioak emateko baldintza zehatzak ezartzen zituen: gizarte-egoera (ezkondurik edo alargun egotea), lan egoera (langabezian egotea ala ez), Laudion enpadronatua egotea… eta beste hainbat. Era berean, 65 urtetik gorako pertsonek ikastarotan tasak ordaintzen hastea eskatzen zuen proposamena ere alboratu da, erretiraturiko laudiarrek doan izango dituzte ikastarook orain arte bezala.
Meazaren hitzetan “kuriosoa da nola, bigarren urtez jarraian, PNVk OHZren igotze progresiborako akordioari uko egin dion”, era berean nabarmendu du ez dagoela neurrion atzean “sen diru-biltzaile bat”, administrazioen diru-biltze hori herritarrengan zuzeneko islapen bat daukalako, eurengan zuzendu beharreko zerbitzuak mantendu ahal izateko berebiziko garrantzia duela, eta udalaren autonomia finantzarioa bermatzen jarraitu ahal izateko. Jeltzaleek, euren aldetik, adierazi dute diru-sarrerak goratzeko neurriak bilatu ordez udalak hobe lukeela gastuen “arrazionalizazio” bat aurrera eramatea; horri erantzunez bozeramale sozialistak, Txaro Sarasuak, EAJri gogorarazi dio gastuen inguruan eztabaidatzeko aurrekontuak onartzeko uneari itxaron behar zaiola.