OLGA ARTIÑANO (1968, Laudio) sokatirako kirolaria da. El Conquistador del Fin del Mundo telebistako lehiaketan hartu zuen parte. Kamera atzealdeko irudia erakutsi du.
45 urte, ama, kirolaria, erizaina… Zure lan egunak ez dira zortzi ordukoak, ezta?
Denetarako denbora ematen du. Jendeak beti galdetzen dit ea nola egiten ditudan hainbeste gauza; antolakuntza da gakoa. Nire gizonak eta umeek ere laguntzen dute etxean. Niretzat zaletasuna da sokatira, lana erizaintza da.
Oraintsu irabazi duzue munduko sokatira txapelketa. Zuk, nori jarriko zenioke urrezko domina?
Kirolari guztiei. Kirol gogor eta gutxituak egiten dituen jendeari. Lan gogorra egiten dugu. Eta, batzuetan ez da baloratzen, ez delako ikusgarria.
Zein sokari egin beharko litzaioke jendartean tira?
Injustiziaren kontrakoari eta kirolean bezala gutxituen aldekoari.
Zelako osasun egoeran dago sokatira gaur egun?
Larri. Garai batean denboraldi ona izan zuen. Sokatiraren lurra gogorra da, talde gutxi daude eta entrenamendu oso gogorrak egin behar dira. Azaroan hasten gara entrenatzen, korrika, pesekin, polearekin…
“El Conquistador del Fin del Mundo” telebista saioan ere parte hartu zenuen. Zelako esperientzia izan zen?
Ez zen nik espero nuena izan, ezberdina izan zen. Ni kirolaren pentsamenduarekin joan nintzen; eta ez da hori izan. Nahi dutena reality bat egitea da. Orain, denbora pasa denez lagunak egin nituela eta Argentina zoragarria dela esan dezaket.
Telebistak zer bilatzen ditu, pertsonak ala pertsonaiak?
Orain batez ere pertsonaiak. Denetariko pertsonak daude: kirolariak, jatorrak… Horrelako programa bat muntatzeko denetarik egon behar da: kirola, realitya…bizia izatea nahi dutelako.
Zer behar da munduko konkistatzaile izateko?
Ez dakit. Norbere buruarengan sinistu behar da konkistatzailea izateko. Zure buruarekin ondo egon behar zara mundua konkistatzeko.
Eta zuri? Zer gustatuko litzaizuke munduan konkistatzea?
Dena dut: seme eta gizonarekin familia zoragarri bat, lanean eta kirolean ondo nago… Zer gehiago eska daiteke?