Laudioko Udalean eta Arabako Foru Aldundian legealdi ezberdinetan kargudun aritutako herritar talde batek, agerpen publikoa burutu zuen ostegunean Libre ekimenak urriaren 26rako deitutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzeko.
35/02 makro-epaiketa politikoaren salaketa publikoa egin zuten herritarrek: “ia 80 pertsona epaituko dituzte hain zuzen ere politikoa baino ez den jardueran aritzeko pertsona orok duen eskubidea gauzatzeagatik. Are gehiago, agerikoa izan zen jarduera politikoaz ari gara, eta ez zuen orduan inongo epai-instantziaren salaketarik jaso”.
Epaiketaren harira, auziperatuekiko elkartasuna adierazi zuten agerraldian eta kide izan duten Santi Hernando laudioarraren kasua aipatu zuten, 10 urtetako kartzela zigor eskaera aurrean duena.
Mozioa
Datozen egunotan Laudioko Udalan egoeraren salaketarako eta Santi Hernandorekiko elkartasuna adierazteko mozioa bideratuko dutela iragarri zuten: “Espainiako Gobernuaren jarrera salatu nahi dugu; epaiketa hauei sustapen politikoa ematean, justizia erabiltzeko duen asmoa uzten du agerian”.
Beste makro-epaiketen ondorioz, 18/98 kasu, beste laudioar batzuk, Pablo Gorostiaga eta Murga anaiak, jaso duten zigorra salatu zuten azkenik: “Euskal Herrian praktika politikoa auziperatzen da eta, bistan denez, oinarrizko eskubideen erabilera zigortzen da”.