Laudion bizi gara plataformak elkarretaratzea deitu du hilak 18rako, ostiralerako, 19:30ean Lamuza Plazan. Migrazio eskubidearen alde deitutako mobilizapenak Lampedusako gertakizunek agerian utzitako egoera lotsakorraren salaketa egitera deituko ditu herritarrak.
Antolatzaileek banatutako deialdiak, biktimekiko elkartasuna adierazteaz aparte erakunde publikoek egoeran duten erantzukizuna utzi nahi izan du agerian: “Instituzio eta estatu europarrek immigrazioa Europarentzat mehatxua dela diote. Mugak ixten dituzte, eta biktimei laguntza ukatu. Etorkinak kriminalizatzeko legeak sortzen dituzte, itsasoetako zaingoa areagotu… Kasu askotan, gainera, jatorrizko herrialdera itzultzera behartuz, edo, bestela, eskubiderik, lanik, osasun zerbitzurik… gabe esplotatzaile batzuen esku bizitzeko.”
Errepresioaren bidearen aurrean alternatibarik badela uzten dute agerian azkenik komunikatuan: “Horrelako egoerarik ez Lampedusan ez inon ez dadin berriz errepikatu, zigorrak deuseztatu eta libreki immigratzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Arazo hau guztiona da. Ez da zilegi geroz eta aberastasun gehiago pilatzea geroz eta esku gutxiagoan. Gure erronka da sistema aldatzea.”