"Estatu Batuetan ekoizteko ohitura galdu dute baina sukaldatzekoa ere galtzear dago"

Aitor Aspuru Saez 2013ko urr. 16a, 19:17

IÑAKI URKIJO (Laudio, 1971) EHNE Bizkaiko militantea da eta irailean zehar Estatu Batuetan egon da bertako proiektu ezberdinak ezagutzen. Ekimen guztiek elikadura burujabetza lantzen dute, baina testuinguru ezberdinetan.

 

Nola izan duzue Estatu Batuetara joateko aukera?

Food Firts erakundeak antolatzen ditu “Burujabetzaren birak”. Bertako jendea, jakimina duena, eramaten dute hainbat lekutara. Kubara, Hego Koreara eta Euskal Herrira joaten dira. Bertako sistemak ezagutzera eta alternatibak zabaltzeko.

IÑAKI URKIJO (Laudio, 1971) EHNE Bizkaiko militantea da eta irailean zehar Estatu Batuetan egon da bertako proiektu ezberdinak ezagutzen. Ekimen guztiek elikadura burujabetza lantzen dute, baina testuinguru ezberdinetan.

 

Nola izan duzue Estatu Batuetara joateko aukera?

Food Firts erakundeak antolatzen ditu “Burujabetzaren birak”. Bertako jendea, jakimina duena, eramaten dute hainbat lekutara. Kubara, Hego Koreara eta Euskal Herrira joaten dira. Bertako sistemak ezagutzera eta alternatibak zabaltzeko.

Haien ideia izan da, aspaldidanik, bidaia horiek itzultzea. Estatu Batuetan zer gertatzen den ezagutzeko. Urtero harremana dugu haiekin eta nahiz eta haiek deskribatu egoera, ikusi arte ez dugu guztiz ulertu.

Orain sortu da aukera hau eta 13 lagun joan gara bertako errealitatea ezagutzeko.

Oakland, Berkeley eta San Francisco eta bere inguruak bisitatu ditugu.

 

Zein izan da Estatu Batuetara egindako bidaiaren helburua?

Elikadura sistemarekin harremana duten gaiak ezagutzera joan gara. Asko interesatzen zitzaigun jakiteak zer nolako ondorioak eragiten dituen desregulaturik dagoen merkatua. biztanleriarengan. Gure susmoa da hori gerta litekeela Europan, FMIko politikak hortik doaz eta hemen ildo berdinak jarraitzen ari gara.

Zentzu horretan, bidaiaren lehen zatian egon gara kale mugimenduen errealitateak ezagutzen: unibertsitatetan antolatzen direnak, Food First-ek antolatzen dituenak -gonbidatu gaituen antolakundeak- eta auzo latino eta beltzetan mugitzen den jendearekin.

Oro har gizartea oso sakabanatuta dago. Badaude auzoak non pertsona beltzak bakarrik bizi diren eta beste batzuetan latinoak edo txuriak. Horrek dexente harritu gaitu.

Food Firts-ek urte asko eman ditu elikaduraren gaia aztertzen eta lantzen. Haiek zeharkako ikuspuntua dute, ekoizpenetik kontsumora.

Unibertsitatean Miguel Altierirekin egon ginen. Altieri agroekologian aditua da eta ikuspuntu hori erabili zuen Kalifornian gaia nola dagoen azaltzeko.

Kale mugimenduen aldetik David Hilliardekin egon ginen. Bera Pantera Beltzen sortzaileen artean egon zen. Ezagutu genuen herri-denda bat, eta han proeiktua egiteko asmoa dute, “People´s Grocery” deitzen da ekimena.

Bazterkerian murgilduta bizi diren gazteekin ere lan egiten zuten kolektibo batzuekin harremanetan egon gara, bereziki gustatu zaigu Oakland-eko bat, gazte latinoekin aritzen dena.

Talde guztien ardatza elikadura da eta testuingurua ematen saiatzen dira. Abiapuntu hori baliatuz hainbat esparrutara zabaltzen dira. Hemen garatu dugun elikadura burujabetasuna kontzeptua han ez dute garatu. Mugimendu horretan badago jendea dirua duena eta badago ezer ez duena, baina guztiek sentitzen dute mugimendu berean daudela.

Oro har, Estatu Batuetan elikaduraren sekulako arazoa dute, guztiz desregularizatuta dago eta gezurra badirudi ere jende askok gosea pasatzen du, kale gorrian. Kontrasteak oso handiak dira. Ekonomikoki maila handia duen jendea ikusi dezakezu eta alboan filmetan ikusten ditugu “homeless” horiek, erosketa gurdia eramaten dutenak. Mc Donalds baten aurrean igaro ginen bazkalorduan eta jende ugari ikusi genuen zabor artean janaria bilatzen. Oso gogorra iruditu zitzaigun: pertsona horiek zaborrean bilatzen zuten janari zaborra deitzen dioguna.

 

Auzo horietan zein da kolektiboek egiten duten lana?

Auzo beltzetan egiten dutena da etxebizitzen arteko lurrak okupatzea. Horrelako leku huts asko daude, kalkulatzen dute 600 hektarea hutsik daudela Oakland-en. Elikagaiak ekoizteko erabiltzen dituzte.

Dena den, beste arazo bat dute. Askota lortu dutela ekoiztea, neurri txikian bada ere, baina arazoa da ekoiztutakoa jendeari ematen diotela eta hauek ez dakitela zer egin. Askok eta askok porru dozena jasotzen dute eta ez dakite nola sukaldatzen diren.

Ekoizteko ohitura galdu dute baina sukaldatzekoa ere galtzear dago. Gehien kontsumitzen dena dira aurretik prestatutako jakiak eta sasoiko jakiak lortzea oso zaila izan daiteke auzo batzuetan. Auzo latinoetan egiten duten apustua da sukaldatzearen aldekoa. Amankomuneko sukaldea jartzen dute eta horra joaten dira hainbat pertsona aldez aurretik sukaldatutako jakiak prestatzera.

Ezagutu genuen beste proiektu oso interesgarria. Kartzelatik ateratako gazteekin lan egiten zuen herri horretan, San Esteban uste dut deitzen zela. 20000 biztanleko herria da eta 8000 kartzelan egondakoak ziren. Herri horretan proiektuaren koordinatzaileak esan zigun gazte beltzek pentsatzen zutela noizbait pairatuko zutela espetxealdia. Kolektiboak kartzelatik ateratzen diren gazteei aukera ematen die baratza lantzeko eta barazkiak saski ekologikoen bidez saltzeko eta horrela finantzatzen dute proiektua.

 

Bidaiaren bigarren zatian zer egin duzue?

Bertako baserri mundua ezagutzen ibili gara. Ekoizpenaren prozesua ikusi dugu. Baserri ikaragarriak ikusi ditugu: milaka hektareak lantzen dituztenak. Sargaiak ordezkatzen dituzte han, eredua aldatu barik. Teknika aldatu dute baina saltzeko eredua ez. Sargaiak ekologikoak dira baina ez dute banaketa alternatiborik, horrela sistemak berak eskaintzen du janari zaborra eta hori ez baduzu gogoko, modu osasuntsuagoan jateko aukera ematen du, baldin eta dirua baduzu.

Hori bai, bidaiaren lehenengo zatian ezagutu ditugun pertsonek eta kolektiboek ez dute aukerarik elikagai horiek erosteko. Berez, ezer ez zuten auzoak ezagutu ditugu. 20000 biztalen zituzten baina dendarik ez. Gehienez Mc Donalds-ak, likore-dendak eta arma-dendak. Elikagaiak erosteko modurik ez dute, auzotik mugitu behar dira.


Zein da Estatu Batuetatik ekarri dituzuen eskarmentua?

Ondorioa da oraindik garaiz gaudela hemen. Ez bagara mugitzen oso egoera latzari egin beharko diogu aurre. Hemen gutxi badugu han guztiz galdu dute erabakitzeko ahalmena. Dena geratu da enpresa handien esku eta egun kontrolatzen dute zer eta nola ekoiztu, zer eta nola jan...

Baita zer ikasten den eta zer ez. Egon ginen Berkeleyn, unibertsitatean. Erreferentzia da esparru honetan, baina esan ziguten urte oso gutxitan %70ko finantzazio publikoa jasotzetik %30 jasotzera. Falta dena Monsanto eta British Petroleum enpresek jartzen dute. Eta jakina, hauek baldintzatzen dituzte egiten diren ikerketak eta gazteen ikasgaiak.

Balorazioa, zentzu horretan, nahiko ezkorra da. Sartu gintezke zulo batean.

Alde positiboa ere dago, leku guztietan baitago jende aktiboa. Horrelako egoera batean mugitzea balio handia duela uste dut.

 

Erabilgarritzat jo dituzue ezagututako esperientziak?

Bai, Estatu Batuetan lantzen duten erantzun oso zehatza da boikota. Haiek uste dute boikota greba baino eraginkorra dela bere helburuak betetzeko. Kontsumo gizarteak berak bere aurkako lanabesak sortu ditu.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide