Laudioko Udal Heziketa Ikastetxeak egoera berezia bizi du Lanbide Formakuntzaren esparruaren barruan. Gaur egun, Euskal Autonomi Erkidegoan dagoen Udal ikastetxe bakarra da. Orain arte, Udal Osoko Bilkuran, ordezkapena duten talde politiko guztiek, Omnia taldea izan ezik, ikastetxe hau Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen sare publikoan sartzearen alde azaldu dira. Orain arte, helburu hori zuten hainbat mozio aurrera atera izan dira.
Urriaren 11n, osteguna, zentru horrek, sare publikoaren parte izatera pasatzeko aurrerapauso handia eman du. Egun horretan, Bizialdi osoko ikasketaren legea aurrera atera zen Gasteizko Legebiltzarrean. Lege honetako Lehenengo Xedapen Gehigarriaren arabera, Heziketa Ikastetxea, Eusko Jaurlaritzaren sarean sartzeko prozesua abian ipini daiteke, Laudioko Udalak meta Hezkuntza Administrazioak bateratze hori arautu dezakeen hitzarmena sinatuz.
Talde politikoen balorazioak
Lege honen onarpenak, modu ezberdinez baloratu dute Udal Osoko Bilkuran ordezkaritza duten talde polikoek.
Alkateak, Bilduren izenean, ostiraleko prentsaurrekoan, positiboki baloratu zuen aipatutako legearen onarpena. Natxo Urkixoren ustez, Legearen Xedapen gehigarriak, oinarri juridikoa ematen du zentruaren publifikazioa gauzatzeko, eta horrek prozesua asko erraztu egingo du. Dena den, oraindik negoziazioak egin beharko dira, eta dena onartu. Negoziazio horiek burutu aurretik, Alkatearen aburuz, publifikazio prozesu horrek, Eskualdeko Ikasketa mapan nolako eragina izango duen aztertu egin beharko da, eduki gehiago eskaintzeko aukera posible ezberdinak aztertuz.
Laudioko EAJ-PNVko uri-batzarrak berriz, prentsa ohar bat atera du non oso positiboki baloratzen du Gasteizeko Legebiltzarrak onartutako Legeak, bai Laudiorentzat, nola Zentruarentzat izan dezakeen eraginagatik. Jeltzaleek adierazi dutenez, legearen jatorria sozialisten proposamen batean dago, Laudioko Ikasketa Zentruaren inguruko Xedapen Gehigarria, Legebiltzarreko EAJ-PNVren taldearen proposamena izanik. Orain, Laudioko EAJ-PNVren arabera, publifikazio prozesua aurrera eraman daiteke, bi erakundeen (Laudioko Udala eta Hezkuntza saila) arteko adostasuna badago. EAJ-PNVren esku dagoen Hezkuntza Sailak proposamen horren alde dagoela ere adierazi dute.
Azkenik, Laudioko PSE-EEren ordezkaria den Txaro Sarasuak adierazi duenez, Bizialdi Osoko legearen lehen Xedapen Gehigarriak, posible egiten du Hezkuntza administrazioa eta Laudioko Udalaren arteko akordioa aurrera eramatea publifikazio prozesua abiarazteko. Honenbestez, Sarasuaren iritziz, dekretu bitartez artikulu hau garatu, eta Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ados ipini behar dute integrazio prozesua nola gauzatu egingo den ikusteko.