"Gizakitzat jotzen ditugun pertsona batzuek ankerkeriaz jokatu eta Judithekin nuen hitzordua eragotzi zuten"

Erredakzioa 2013ko urr. 11a, 09:31

PABLO GOROSTIAGA (Areta, 1942) Herrera de la Manchako espetxean preso dago. 18/98 sumarioaren ondorioz kartzela zigorra jaso zuen eta 2013ko protagonista garrantzitsua izan da. Pregoilari izendatu zuten eta fiskalak bere pregoia debekatu zuen. Horren ostean, bere emaztea Judith Uriarte, hil zen eta bizirik ikusteko aukerarik ez zuen izan nahiz eta Auzitegi Nazionalak baimena eman.

Nola sentitzen zara gertatutakoaren ostean?

PABLO GOROSTIAGA (Areta, 1942) Herrera de la Manchako espetxean preso dago. 18/98 sumarioaren ondorioz kartzela zigorra jaso zuen eta 2013ko protagonista garrantzitsua izan da. Pregoilari izendatu zuten eta fiskaliak bere pregoia debekatu zuen. Horren ostean, bere emaztea Judith Uriarte, hil zen eta bizirik ikusteko aukerarik ez zuen izan nahiz eta Auzitegi Nazionalak baimena eman.

Nola sentitzen zara gertatutakoaren ostean?

Dakizuenez nire kideen laguntza dut. 23, 25, 27 eta haietako batzuek 20 urte eman dituztenez kartzelan nire presentzia kartzelan haientzat beste atal bat izan zitekeen, baina zorte handia izan dut eta oso ondo konpondu naiz haiekin.

Egia esanda maiz eztabaidatzen dugu nork alferrik galdu duen nor; beraiek ni gazteagoak eta aktiboagoak direlako edo nik haiek, oso lasai bizi baitziren ni heldu arte. Aitortu behar dut babes eta laguntza handia direla, une gogor hauetan bereziki. Jasangaitza dena jasangarria egiten dute.

Nola bizi izan duzu Judith ez ikustea?

Nahiz eta Espetxe-zaintzako Epaitegiak baimendu -hasiera batean espetxeko tratamendu batzordeak uko egin zion baimena emateari- eta nahiz bere egoera amaierakoa zela adierazten zuen txosten medikua Herrerara abuztuaren 30ean, ostiralean, heldu zen, irailaren 2ra arte, astelehenean, ez zidaten esan Guardia Zibilak lekualdatu behar ninduela.

Astelehenean sarreran hiru ordu utzi ninduten itxaroten. Prest egon behar nintzela esan zuen Guardia Zibilaren komandantziak erantzun zuen ez zekiela ezer niri buruz.

Hiru ordu eta gero operazioa prestatu zuten Ocaña I kartzelara eramateko, 100 kilometrotara. Bertan, suposatzen zen bi egun gehiago itxaron behar nituela Valdemorora joateko. Ostiralean Burgosera eraman behar ninduten eta larunbatean Zaballara. “Operazio azkar” hau abian jarri zuten Auzitegi Nazionaleko Espetxe-zaintzako epaileak arreta deitu zielako, abokatuek behin eta berriro esan baitzioten epaileari ostiraleko aginduak ez zuela emaitzik lortu.

Finean, asteartean etxera deitu nuen eta esan zidaten Judith hil zela, oso lasai, aurreko gauean zehar, San Antolin egunean, irailaren 2an. Eta aurretik senideek iragarri zidatenez azkar joan behar nuela bizirik ikusteko, albisteak ez ninduen ustekabean harrapatu. Judithen heriotzak pena sortu zidan, baina bestalde bakean, lagunez inguraturik, etxean eta zainduta joan zela jakiteak lasaitu ninduen.

Horrek ez du esan nahi etsipena ez nuela sentitu. Gizakitzat jotzen ditugun pertsona batzuek ankerkeriaz jokatu eta Judithekin nuen hitzordua eragotzi zuten. Nik, nire izaera dela eta, beti berandu heltzeko joera izan dut, baina kasu honetan ez da nire errua izan.

Izaera horrek, bestalde, lagundu nau baloratzen hemen barruan zenbaki bat garela eta nahiz eta hemen bere lana egiteko gai diren pertsonak egon, beste batzuek agintzen dutela zer egin behar den eta gainontzekoek gustora obeditzen dutela.

Nik, nire indarrak probetxurik gabe erre ordez nire ohiko lasaitasunari heltzen diot eta indarrak gordetzen ditut, gauza positibotara bideratzeko: seme-alabei, ilobei, senitartekoei eta nire herriari.

Nola bizi izan duzu pregoilari izendatzea?

Nire hautaketak asko poztu ninduen eta uda eta jai oso dibertigarriak igaro ditut -Bilboko txupineraren aferarekin batera oso dibertigarria izan da-. Egunero albiste berriren batek Inkisidore jaunaren jarrera barregarria zela erakusten zuen. Bere funtzioan ia lortu du herriarekin istiluetara heltzea.

Bere misioaz konbentzituta dago eta duela urte batzuk -PSOEren garaipenaren ondorioz- Gobernuaren Ordezkaritzaren hesiak mozteko denbora bakarrik izan zuenez -horregatik deitu zioten “laburra”- orain irrikitan itzuli da sinesgabeak eta barbaroak bere demokraziara bihurtzera.

Zer uste duzu kartzela politikaren inguruan?

Ez dirudi agintzen duenak borondatea duenik negoziatzeko. Kolektiboaren bozeramaileak izendatu ziren ikusteko ea elkarrizketaren bidez eta gutxiengo onargarrien bitartez harremanak hastea posible zen, hasieran gutxiengo akordio sinbolikoak lortzeko eta hasierako irekieraren ostean lorpen garrantzitsuagoak erdiesteko.

Eta egoera politikoak zer iritzi merezi dizu?

Egoera politikoak ez du batere laguntzen aipatutakoa lortzeko. Erankundeak eman ditu pausoak. Erabaki garrantzitsuena borroka armatua uztea izan da. Gobernu Espainiarraren eskaera inportanteena zen hori. Esaten zen jarduera armatua bukatzerakoan denetarik hitz egiteko aukera egongo zela. Baina hemen ikus dezakegu su-etena lortu bezain laster Gobernua pozik dagoela.

Zentzu batean, disoluzioa, kartzela zigorrak bere osotasunean bete behar direla, armak utzi behar direla... aldarrikatzen baitu orain.

Nik uste mahaiari hankak falta zaizkiola eta horrela elkarrizketaren aldekoek txarto dugula.

Mezuren bat helarazi nahi duzu?

Bai, nire esker ona erakutsi nahi diet pregoilariaren aferaren harira lehendabizi eta gero Judithen heriotza dela eta kaletan eta Herriko Plazan egon direnei sakabanaketa politika salatzen. Elkartasuna adierazi didate niri, nire senideei eta euskal preso politiko guztiei. Berriro argi utzi dute sakabanaketa anekdotikoa ez dela -Udalean eta Gasteizko Legebiltzarrean urte luzez nire kidea izan denak esan zuen bezala-, gehitzen zaigun zigorra baizik.

Presoen borrokan urte asko daramatzagu eta arrazoia dugunez jarraitu behar dugu borrokan Euskal Herriak lantzen dituen frontekin sintonian, horrela lortuko dugu herri askea, justu eta burujabe izatea. Gora zuek! Muxu pilo bat familia eta lagun guztientzat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide