Gazteleku berri bat irekitzea onartu da Udal Osoko Bilkuran

Txabi Alvarado Bañares 2013ko urr. 9a, 11:47

Ugarteko gaztelekuarekiko “osagarria” izango litzateke, EAJren arabera

Gazteleku berri bat irekitzea. Proposamen horrekin joan ziren EAJ eta PSE Laudioko azken Udal Osoko Bilkurara, mozio bateratu bat aurkeztuz. Gainontzeko udal talde politikoek hainbat jarrera hartu zituzten mozioaren aurrean: PPk alde bozkatu zuen, OMNIA abstenitu zen eta Bilduk aurka bozkatu zuen.

Ugarteko gaztelekuarekiko “osagarria” izango litzateke, EAJren arabera

Gazteleku berri bat irekitzea. Proposamen horrekin joan ziren EAJ eta PSE Laudioko azken Udal Osoko Bilkurara, mozio bateratu bat aurkeztuaz. Gainontzeko udal talde politikoek hainbat jarrera hartu zituzten mozioaren aurrean: PPk alde bozkatu zuen, OMNIA abstenitu zen eta Bilduk aurka bozkatu zuen.

Mozioak zera eskatzen du: Udala prestatzen ari den Gazte Planaren barruan Gazteleku berri bat irekitzearen proiektua sartzea. Gazteleku berri horrek, baina, ez luke orain Ugarten kokatua dagoenaren itxiera ekarriko. Bi gaztelekuak “elkarrekiko osagarriak” izango lirateke, Maider Basterra EAJko zinegotziaren arabera. Ugarteko eraikinean 12-17 urte bitarteko gazteentzako ekintzak egiten direla azaldu zuen zinegotzi jeltzaleak plenoan; eta gazteria arloko politika “global eta anbizio handiko” bat garatzearen beharra azpimarratu zuen, “12 urtetatik 35 urtetara”.

PSEko zinegotzi Txaro Sarasua urrunago joan zen osoko bilkuran eman zen eztabaidan, eta Ugarten “arazo” bat dagoela esan zuen. “Ugarteko auzoan pertzepzio txar bat dago, integratu ez diren pertsona batzuk iritsi direnaren pertzepzioa, kalea beraiena bilakatu dutenak eta beste pertsona batzuk errespetuan eta bizikidetzan urruntzera eraman dituztenak”.

Horregatik, gazteleku berriak Ugartekoa ordezkatu zezakeela iradoki zuen Sarasuak, eta hirigunetik gertuago egon behar zela gaineratu zuen. Mozioan hainbat leku proposatzen diren gazteleku berriaren kokaleku gisa, Zubiko Etxea kasu. Ugarteko gaztelekua duela zazpi urte ireki zen, eta ordutik hona hainbat izan dira azpiegitura kudeatzen aritu diren enpresak.

Mozioa goiz hartan bertan jaso zuela eta aztertzeko denborarik izan ez zuela esan zuen OMNIAko zinegotziak, eta horretan argudiatu zuen bere abstentzioa. PPkoek ere aitortu zuten goiz hartan jaso zutela EAJ eta PSEren proposamena, baina planteatzen zenarekin ados zeudenez, alde bozkatu zuten.

Gazte plana                                                                                                                                                      Bilduren bozka, aldiz, proposamenaren aurkakoa izan zen. “Non geratzen da, adibidez, aurreko ikasturtean Ugarteko gaztelekutik pasa ziren ia 6500 gazteen iritzia?”, galdetu zuen Amets Meaza alkate ordeak, proposamenarekiko koalizioaren aurkako jarrera azaltzerako orduan. Gazteleku “anitzago” baten beharra dagoela aitortu zuen Meazak, baina gaineratu zuen ez dutela zer ikusirik 12 urteko gazte batek eskatzen duena eta 35 urteko batek eskatzen duena.

Udala prestatzen ari den Gazte Plana “diagnosi fasean” dago, alkate ordearen hitzetan. Diagnosi fase horren helburua herriko gazteen beharrak zeintzuk diren aztertzea dela jakinarazi zuen Meazak, eta prozesuaren faseak errespetatzea eskatu zuen.

Kultura eskaintza                                                                                                                                                   EAJ eta PSEren mozioak badu bigarren puntu bat. Puntu horrek kalean asteburutan gazteentzako ekintzak egitea eskatzen dio gobernu taldeari; “kontzertuak, ikuskizunak, dantzak, disko dantzak etbr.”. Musika tailer batzuk egitearen ideia plazaratu zuen EAJak, eta kontzertuen eskaintza handitzeko tabernekin hitz egitea proposatu zuen. Ekintza horiek guztiak “kudeaketa publiko pribatuaren bidez” aurrera eramatea iradoki zuen Basterrak, kudeaketa “askoz eraginkorragoa” izan dadin.  Udalaren aurrekontuan horretarako dirua badagoela gaineratu zuen zinegotzi jeltzaleak.

[video:http://vimeo.com/76126663]

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide