Guardian enpresak industriaguneko lur zati bat jarri du salgai

Aitor Aspuru Saez 2013ko urr. 7a, 00:35

Guardian enpresak 5,5 hektarea inguru jarri ditu salgai: 3,5 hektareako partzela bat eta 1,8 hektareako beste bat.  Erabaki historikoa izan da zuzendaritza berriak hartutakoa, Villosa sortu zenetik bere izaerari loturik baitzegoen lurzoru horien jabegoa. Norabide aldaketak interpretazio ezberdinak sortu ditu. Enpresak ez du momentuz azalpenik eman eta adituen arabera, Guardianek azken bi urteetan egindako apustu estrategikoarekin harremana izan dezake neurriak. Enpresak inbertsio garrantzitsuak egin ditu Laudioko lantegian.

Guardian enpresak 5,5 hektarea inguru jarri ditu salgai: 3,5 hektareako partzela bat eta 1,8 hektareako beste bat.  Erabaki historikoa izan da zuzendaritza berriak hartutakoa, Villosa sortu zenetik bere izaerari loturik baitzegoen lurzoru horien jabegoa. Norabide aldaketak interpretazio ezberdinak sortu ditu. Enpresak ez du momentuz azalpenik eman eta adituen arabera, Guardianek azken bi urteetan egindako apustu estrategikoarekin harremana izan dezake neurriak. Enpresak inbertsio garrantzitsuak egin ditu Laudioko lantegian.

2011n, 40 milioi euro bideratu zituen arkitektura eta automobilgintzaren merkatuei begira. Hori baino apur bat lehenago, 2010. urtearen erdialdean, 30 milioi euro erabili zituen Laudion eta “Float” labea erosi zuen kristalen tratamendua luzatu, hedatu eta beiraren kalitatea hobetzeko. Inbertsio horren helburua eguzki-energiaren merkaturako produktuak ekoiztea izan da.


Langile Batzordearen iritzia

Egun, Laudioko Guardian enpresa 580 langile inguruk osatzen dute. Langileen ordezkariek, aldiz, ez dute iritzi zehatza Guardian enpresaren zuzendaritzak erabakitakoari buruz. Andoni Bikandik ELAko ordezkariak nabarmendu du batzordeak soilik lan harremanak jorratzen dituela. Zentzu horretan, Bikandik salatu du zuzendaritzak beharginei %7,2ko soldata murrizketa proposatu diela. Finean, horrek soldata bati uko egitea suposatuko luke, ELAko kidearen aburuz. Printzipioz, batzordeak ez du sakrifizio gehiago egiteko asmorik.

“Behin eta berriro esaten digute merkatu berriak bilatu behar direla eta krisian dagoela enpresa, baina gu jo eta su gaude lanean. Berez enplegua erregulatzeko espediente batean gaude murgildurik eta oso egun gutxietan egon gara lan egin gabe. Eta behargin  gehiago kontratatu ordez, lan ugari dagoelako, zuzendaritzak beste espedientea eskatu nahi du” adierazi du.

Hilargi Jaunarena LAB sindikatuko ekonomialariak gogoratu du 2011. urtean 67.890.000 euro banatu zituela enpresak akziodunen artean, eta bere aburuz ez da diru faltarik egon behar. Andoni Bikandik uste du salmenta horien bitartez enpresa erakargarriagoa izatea nahi duela zuzendaritzak Koch Holding estatubatuarrarentzat. Holdinga enpresaren akzioduna da, eta %49 berea da. Gainontzeko akzioak saltzea izan daiteke gaurko zuzendarien helburua, langilearen iritziz.Dena den, krisiak eta Gobernu Espainiarraren azkenengo neurriek kolokan jarri dituzte egindako inbertsioak. Alde batetik, krisiak merkatuaren gainean eragina izan du. Bestalde, Alderdi Popularrak sustatu duen erreforma energetikoak energia berriztagarrien garapena zailagoa egin du. Autokontsumoaren soberakinak sare elektriko arruntera bideratzea eta horrek norbanakoei sortuko dizkien etekinak ez baitu arautu.

Adituek, hala ere, azpimarratu dute lurzoru horren salmenta ez dela derrigorrez albiste txarra. “Laudio 2025” herriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren jardunaldietan behin eta berriro aipatu baita herriak duen industria-lurzoruaren gabezia.  5,5 hektarea horiek salduko balira enpresa gehiagok aukera izango lukete Laudioren aldeko apustua egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide