Gaur 19:30ean estreinatuko da Lanbide Heziketa Udal Ikastetxearen areto nagusian aiaraldea.com web-atariak egindako dokumentala. 19:00etan leihatila irekiko dute eta 3 euroren truke sarrera eta DVD lortu ahal izango da.
Hala ere, goizean zehar Laudioko hainbat ikaslek filma ikusteko parada izan dute. Bi emanaldi prestatu ditu elkarteak, 11:00etan eta 13:15ean.
Emanaldien helburua oroimen historikoa eta bere transmisioa lantzea da. Asmo horrekin, besteak beste, egin du aiaraldea.com-ek dokumentala.
Hondamendia eta elkartasuna
1983ko uholdeak kalte ikaragarriak eragin zituen esparru askotan. 6 pertsona hil zituen urak eta Laudion konpontze lanek luze jo zuten. Hori bai, hondamendiari aurre egiteko Laudiora laguntzaile ugari heldu ziren hainbat txokotatik eta hori izan da elkarteak goraipatu duena, elkarlanaren garrantzia.
Dokumentala ikusgai web-atarian
Igande arratsaldean jarriko da dokumentala aiaraldea.com-en, nahi duena ikusi edo zabaldu dezan.