"Raid bat egitea kirol bufetea da"

Aitor Aspuru Saez 2013ko ira. 9a, 13:03

AARON GARMENDIA (Laudio, 1983) Aiara Spiuk Raid Taldeko kidea da. Aiaraldeko I. Raida prestatu du eta izena emateko epea irekita dago oraindik. Kirol froga horren inguruan mintzatu da.

 

Nola sortu da froga honen ideia?

Guk Raid ligan parte hartu genuen iaz eta gure artean aipatu genuen guk ere egin genezakeela froga bat ligan sartzeko. Hasi nintzen pentsatzen nola egin eta zeintzuk ziren leku aproposenak.

 

AARON GARMENDIA (Laudio, 1983) Aiara Spiuk Raid Taldeko kidea da. Aiaraldeko I. Raida prestatu du eta izena emateko epea irekita dago oraindik. Kirol froga horren inguruan mintzatu da.

 

Nola sortu da froga honen ideia?

Guk Raid ligan parte hartu genuen iaz eta gure artean aipatu genuen guk ere egin genezakeela froga bat ligan sartzeko. Hasi nintzen pentsatzen nola egin eta zeintzuk ziren leku aproposenak.

 

Zertan datza Laudion egingo den froga?

Bi maila egingo ditugu. Bat lehiakorra izango da eta bestea ez. Lehiakorrak 7 ordukoa izango da eta bestea 4 ordukoa. Lehiakorra ez dena bideratuta dago bereziki hasiberrintzat.

Beste sailkapen mota, bikoteka denez, izango da emakumezkoa, gizonezkoa edo mistoa den.

Ibilbidea zein den ezin dut esan, jakina. Baina esan dezaket lehenengo zatian herrian egingo dela ibilbidetxo bat. Orientazioarekin eta orekarekin zeozer egiten saiatuko naiz. Horretarako sokak erabili nahi ditut. Saiatu naiz udaletxetik elizara soka botatzen tirolina egiteko baina apaizak ez dit utzi, beraz, beste leku baten bila nabil.

Hori bukatzean bizikletak hartu beharko dira beste puntu batera joateko, laudioarrentzat oso garrantzitsua den leku batera hain zuzen ere. Bertan bizikletak utzi beharko dituzte eta arineketan beste saioa hasiko beharko dute. Gutxi gorabehera 3 orduko izango da, 13 kilometro inguru.

Azkenik, bizikleta hartu beharko dute berriro herrira itzultzeko, beste 30 kilometro egiteko. Ibilbidean zehar kobazuloak topatuko dituzte, punteria froga ere sartu nahi dut, arkuarekin edo, Burdin Hesiko lubakietatik ibiliko dira... Hori bai, talde bakoitzak erabaki beharko du nondik joan.

Azken finean, orientazio jokoa denez ibilbide osoa egin daiteke puntu guztiak lortzeko edo bestela erdia eginez helmugara heldu zaitezke. Estrategiak garrantzi handia du. 

 

Gaitasun handiak behar dira froga egiteko?

Raid bat egitea kirol bufetea bezalakoa da. Behin izena emanda, kirol mordoa dago 7 ordutan egiteko, bakoitzak jakin behar du zenbateraino den gai, gaitasun handiagoa baldin badu bizikletan, denbora gehiago eman dezake bizikletan, edo alderantziz. Horregatik entrenamendu apur batekin edonork egin dezake. Irabazteko ordea, ibilbide osoa ez bada, %95 jan beharko dute menu berezi honetan.

Printzipioz garrantzi handia du mendiko bizikletan eta korrika ibiltzeak. Orientazioak ez du zailtasun handirik, azken finean ez da mapa teknikoa erabiliko. Jarri dudana da Google Maps-etik ateratako irudiak. Herria zerutik ikusten da eta horri bideak markatu dizkiot gainetik.

Orientatzeko hori teknikoa baino errazagoa da. Ikus dezakezu mendiak eta basoak non dauden, etxeak bereizten dira... Gainera, Aiaraldekoak izanik askoz errezagoa izango da. Zeharkatuko diren leku batzuk oso ezagunak baitira.

Ez da beharrezkoa izango iparorratzik. Mapa ondo orientatuta eramanez gero nahiko da. Adibidez, Zumalakarregin bazaude, mapa ondo jarri eta berehala jakingo duzu eskuinera edo ezkerrera joko behar duzun. Gainera balizak egongo dira bide ertzetan.

Ahaztu baino lehen, aipatu nahi dut lasterketaren ostean bazkari herrikoia egongo dela partaide ororentzat.

 

Zenbat denbora eman duzu froga prestatzen orain arte?

Urte bat daramat froga prestatzen. Neguan mapak egiten ibili naiz. Hainbat kontu gertatu zaizkit erdian eta udaberria eta uda heldu diren heinean egindako 100 ordutako lan guzti hori bertan behera gelditu da sasiak hazi direlako.

Bide gehienak itxi zaizkit eta orain berriz hasi izan behar dut bideak markatzen. Beraz lan bikoitza izan da oso goiz hasi nintzelako.

Hori bai, ezagutzen ez nituen leku asko ezagutu ditut, bai naturalak zein historikoak. Hainbat leku liluragarriak topatu ditut. Laudion badaude kobazulo, adibidez, Ermu Andra Maritik gertu badago bat 40 metroko rappela duena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide