Herrirak egindako muralaren inguruko mozioek piztu dute eztabaida

Aitor Aspuru Saez 2013ko eka. 25a, 13:55

Gaurko Laudioko Udal Osoko Bilkurak gai anitz landu ditu. Horien guztien artean gatazkatsuena margoketei dagokiona izan da. PP eta PSE-EE taldeek kale garbiketaren araudia urratu dela argudiaturik mozioa aurkeztu dute. Testuan salatu dute Bilduk baimena eman zuela presoen aldeko murala egiteko araudia aintzat hartu gabe.

Gaurko Laudioko Udal Osoko Bilkurak gai anitz landu ditu. Horien guztien artean gatazkatsuena margoketei dagokiona izan da. PP eta PSE-EE taldeek kale garbiketaren araudia urratu dela argudiaturik mozioa aurkeztu dute. Testuan salatu dute Bilduk baimena eman zuela presoen aldeko murala egiteko araudia aintzat hartu gabe.

PPren ustez, muralaren edukia pertsona batzuentzat iraingarria da. PSE-EEk prozedura ez jarraitzea egotzi dio Bilduri. Bestalde, EAJk mozio alternatiba landu du. Jeltzaleen ustez eman den akatsa administratiboa da. Haiek murala gogoko ez izan arren, behin eta berriro azpimarratu dute Biktimen Legea ez duela urratzen.

Bilduk, aldiz, prozedura guztiak jarraitu dituela ziurtatu du eta ez dela lehen aldia gauzak horrela egiten direla aipatu du. Elkarte baten eskaerari erantzunez baimena eman ziotela berretzi baitute.

Mozioak bozkatu direnean, batak zein besteak ez dute babes nahikorik lortu. PPren eta PSE-EEren mozioaren aurka agertu dira EAJ eta Bildu eta EAJren mozioa jeltzaleek besterik ez dute babestu. Omniako ordezkaria gaur ez da Udal Osoko Bilkuran egon.

Dozena bat pertsona hurbildu da Udal Osoko Bilkurara muralaren alde egiteko eta Etxerateko ordezkari batek hitz egin du adierazteko mozioa dela eta minduta daudela. Hala ere, eztabaida guztian zehar ez da ia tentsio unerik eman.

Etxe kaleratuen inguruko ekimenak

Etxe kaleratzeei buruzko bi mozio jorratu dituzte alderdi politikoek eta gehiengoa alde agertu da bitan. EAJk landutako mozioan etxe kaleratzeak pairatu dituzten pertsonek gainbalio zerga ez ordaintzeko onartu da aho batez.

Bestalde, PSE-EEk aurkeztutako mozioak salatu du etxegabetuek ezin dutela erabili errenta aitorpena egiteko doako zerbitzua. Zerbitzu hau Arabako Foru Aldundikoa da.

Sozialistek eskatu dute zerbitzua etxe kaleratuei zabaltzea eta foru erakundeak pertsona hauek aurten kontratatutako zerbitzuak ordaintzea. EAJk argitu du azken puntu horretan ez zegoela ados sozialistekin -oso kasu zehatzetan ordaintzen baitute erakundeek horrelako zerbitzuak- eta beraz abstenitu egin da, PP bezala. Mozioak aurrera egin du PSE-EE eta Bilduren bozei esker.

KZ Gunea zerbitzua

Gaurko beste eztabaidagaia KZ Gunea izan da. Eusko Jaurlaritzak Laudion zerbitzua erdira murriztu du eta langile erdiak kaleratu ditu. PSE-EEren aburuz, Jaurlaritzaren asmoa zerbitzua ixtea da. Horren aurrean sozialisten proposamena da zerbitzua orain arte egon den moduan uztea.

EAJk goraipatu du KZ Guneak egindako lana baina haien iritziz zerbitzua egokitu behar da gaur egungo egoerara. Gero eta jende gehiagok internet konexioa duenez, beste ikuspegia behar du KZ Guneak.

Alderdien eztabaida ostean, Koldo Domarcok hartu du hitza. Horrek Laudioko KZ Guneko langile gisa dinamizatzaile lanak egin ditu. Behargin ohiaren aburuz, pena da gertatutakoa, gero eta ikastaro gehiago ematen baitziren Laudion; 2011n 777 ordu, 2012an 970 ordu eta 2013ko lehenengo sei hilabeteetan 546 ordu eman dira.

Mozioa onartu da PSE-EEk eta Bilduk alde bozkatu baitute. EAJk aurkako boza eman du eta PP abstenitu da.

Kontzertu ekonomikoa

Azken astetan eman diren eztabaiden harira EAJk kontzertu ekonomikoa defendatzeko mozioa aurkeztu du eta talde gehienek babestu dute ekimena nahiz eta ikuspegi ezberdinak dituzten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide