Ekainaren 18an Natxo Urkixo alkateak Foru Aldundiko finantza sistemaren (FOFEL) inguruko eztabaidan parte hartuko du; horretarako Araba mailan sortu den batzordean. Bilera horretan, Araban Laudiok duen garrantzia aldarrikatzen saiatuko da.
Eztabaida Batzar Nagusietan
Aste honetan talde sozialistaren eskutik eztabaidatu da Foru Aldundiko Batzar Nagusietan Laudio eta erakunde foralaren arteko harremana. Cristina González sozialistak azaldu zuenez, Foru Aldundiak zor historikoa du Laudioko herriarekin.
Javier De Andres Diputatu Nagusiak eztabaida esparru ekonomikora mugatu zuen eta ordezkari sozialistari erantzun zion zorra zehaztekotan aurre egingo diola Foru Aldundiak.
Zehaztapen-maila handiagoa
Javier De Andrésen erantzuna ikusita, Natxo Urkixo Laudioko Alkateak adierazi du zor historikoaren gaia zehazten saiatuko dela. Alkatearen ustez gai honen mamia ez dago zor ekonomiko zehatz batean baizik eta Laudioko zein Aiaraldeko herritarrek duten sentsazioan. Oso hedatuta baitago haien artean Arabako Foru Aldundiak ez duela jartzen arreta handirik eskualdearen arazotan, Urkixoren ustez.
Ekainaren 18an, beraz, Natxo Urkixok gainontzeko ordezkariei azalduko die zertan oinarritzen den aipatutako zor historikoa. Laudioko Udal taldearen aburuz, zorraren oinarriak hurrengoak baitira:
-Laudio herri berezia da zentzu askotan Arabako esparruan eta ezberdintasun horiek ez dira aintzat hartzen. Adibide moduan, Gasteizera joateko dauden baliabide eskasak aipatu ditu alkateak. Garraio publikoa oso urria da.
-Hazkunde eredua. Araban Gasteiz asko hedatu da eta gainontzeko herriak, nolabait gelditu dira, Urkixoren iritziz. Eskualdea Arabako iparraldean dagoenez, modu naturalean Laudiok ez dagokizkion zerbitzuak hartu ditu bere gain, ez bakarrik laudioarrentzat, aiaraldearrentzat ere bai. Hiltegia horren adibide jarri du alkateak.
-Krisi ekonomikoaren ondorioak askoz sakonagoak dira Laudion Arabako beste lekutan baino. Langabezia oso handia da Laudion eta horregatik Laudiok zein Aiaraldeak lana sustatzeko plan berezia behar dute eta gaur egun, Laudioko Udal taldearen ustez, FOFELak hori ezinezkoa egiten du.
Joera horiek zuzenduz gero, Natxo Urkixok uste du lortu daitekeela laudioarrak behingoz guztiz arabarrak sentitzea.