Jardunaldi Antikapitalistak antolatu ditu Gazte Asanbladak astebururako

Txabi Alvarado Bañares 2013ko eka. 4a, 01:38

<

I. Jardunaldi Antikapitalistak antolatu ditu Laudioko Gazte Asanbladak asteburu honetarako. Ekainaren 7an emango zaie hasiera, ostiralean. 18:30etan Pablo Hasel raperoak “olerki errezitaldi iraultzailea” eskainiko du. Ondoren, jardunaldietako lehen hitzaldiari emango zaio paso, 19:30etan. Bertan XXI. mendeko sozialismoa izango dute mintzagai Venezuelako Kontsulatuko kide diren Vanessa Elecheguerra eta Yolanda Rojas Urbinasek.

Ondoren, egunari bukaera emateko, Hasel berriz igoko da oholtzara, Sobieht taldearekin batera kontzertua eskaintzeko.

 Egitaraua, baina, ez da ostiral gauean bukatuko, larunbatean Kubari buruzko hitzaldi batekin helduko baitzaio berriro. Irlan gertatzen ari diren jendarte eta ekonomia aldaketak eta herrialdearen aurkako gerra mediatikoa izango ditu mintzagai Jose Manzanedak. Besteak beste, Euskadi-Kuba elkarteko eta Cubainformación hedabideko kide da Manzaneda.

 Eguerdi partean bazkaltzeko aukera egongo da, doako luntx batekin. Ondoren, gitarra doinuak zabalduko dira Gaztetxean, Amurrioko Alperrikako Bizien Jabe bikote akustikoak emanaldia eskainiko baitu. Ondoren, Elikadura Subiranotasuna bilakatuko da eztabaidagai, Laudioko Baratza elkarteko eta Galdakaoko Ortu Okupatuetako kideen eskutik.

 Azken hitzaldia 19:00etan izango da, Laudioko Emaion Emakume Taldearen eskutik. Patriarkatua eta kapitalismoaren arteko erlazioa jorratuko da bertan. 23:00etatik aurrera Laudioko Amankomun eta Asturiaseko Arma-X taldeek joko dute, eta hala emango zaio bukaera bi eguneko egitarauari. Ekintza guztiak Gaztetxean izango direla jakinarazi dute Asanbladako kideek.

 Hortaz gain, Sistema kapitalistaren aurkako borrokan indarrak batzea eta kontzientzia garatzea “geroz eta beharrezkoagoa” dela adierazi dute, Jardunaldien zergatia azaltzeko argitaratu duten esku-orrian. Hortaz gain, asanbladak igandero 18:00etan Gaztetxean egiten dituztela gogorarazi dute.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide