Kanpora atera naizenean ikusi dut Mari, gaur garbitu behar dugun udaletxearen aurreko eskaileretan eserita, burumakur, erratza bere ondoan abandonatuta.
-Pozik egongo zara, ezta? Badator uda bere kultur ekitaldi erraldoi horiekin guztiekin –dagoeneko ohartu ez bazarete, biziki maite dut Mari xaxatzea.
-Ez niri harparik jo, gero! –eta berak badaki xaxatzen nabilela.
-Ez dago zu ulertuko zaituen amaren alabarik, e neska! Beti aieneka kulturaren oihartzuna gauerdiko ahuntzaren eztularena baino isilagoa delako, eta hara, orain ere muturtuta? Aizu, ez dakit ohartu zaren, baina hemen da uda, bere urteroko pailazoen ikuskizunarekin, bere desegun eta desorduetako kontzertuekin, bere lekuz kanpoko antzezlanez jositako jaiekin, bere... bere...
Bururik altxatu gabe, aurpegi parean jarri dit Marik eskua, zabal-zabal, gelditzeko keinua eginez. Ahoa bete kultur ekitaldi zentzugabe utzi nau; ezpainen langa sekula gaindituko ez duten ikuskizun gatzgabeez beteta, alegia.
Bere esku-ahurrari ispilu baten antza hartu diot orduan. Uste dut hori zela bere benetako asmoa: ahotik botatzen ari nintzenaren isla ikusi nezala.
-Banoa munduko futbol txapelketa ikustera –esan du, eta eskaileretan jarrita geratu da, mugitu gabe.