Dantzan ditut kirioak. Mari lasaiago dagoela ematen du. Mari beti dago lasaiago.
-Ez izan beldurrik zuzendari babalore horri! –bota dit kuraia emateko.
Garbiketarako trasteak aparte utzita, enpresako zuzendariaren bulegoaren aurrean gaude gaur, itxarongela zabalean zain. Zurrumurruen arabera, kaleratzeak egongo dira.
-Ni, badaezpada, curriculumak bidaltzen hasi naiz, eta Tokioko enpresa batetik deitu didate! –esan diot Mariri ahapeka.
-Hara! Japoniara joango zara?
-Zera, beno, ba…
Kopeta nola ilundu zaidan ohartu da Mari.
-Baina, mutil, ba al zoaz ala ez zoaz?
-Japoniar nazkanteak! Ez didate esan ba japoniera jakin behar dudala bertan lan egiteko! Aizu, ni japonieraren alde nagoela eta hori guztia, noski, baina zertarako demontre jakin behar dut japoniera? Hautsari japonieraz egin behar diot ala zer?
-Japoniar miserableak! Zer uste dute ba, hizkuntza arma bat dela? -Mari berriro trufaka ari zaidala uste dut.
Supituan ireki da zuzendariaren bulegoko atea, eta eten egin du gure solasaldia. Zuzendariak ahoa ireki bezain laster zorroztu ditugu belarriak.
-Lanorduak murrizteko erabakia hartu dut. Soldatak, berriz, bere horretan mantenduko ditugu. Denbora gehiago izango duzue bizitzeko.
Berehala argitu zait kopeta. Belarri ingurura etorrita, xuxurlaka hasi zait Mari:
-Eskerrak ez gauden Tokion, bestela nagusiari ulertu ere ez genion egingo!