Gaur zain egon behar izan natzaio Mariri, kaleak garbitzeko autotxoaren barruan.
Ogi bat besapean eta galletatxo kutxa bat eskuan iritsi da, berandu.
-Okindegitik nator. Nire urtebetetze-eguna da –bota dit autotxoaren atea ireki eta haize bafada izoztu batekin batera barrura sartu denean–. Okinarekin hizketan egon naiz eta... –galleta kutxari kanpoko zorroa hala-nola kentzen ahalegintzeko isildu da tarte batez. Tarte labur batez– …eta esan ez dit ba atzo merkatariek bilera egin zutela eta aho batez onartu zutela gure herrian antzoki bat behar dela eta udalari eskatuko diotela, gure kaleek bizia berreskuratu behar dutelako, eta jendea erakarri behar delako, gero eta hilago dagoelako dena, denda ugarik itxi dutelako, eta ezin dugula ingurukoak baino gutxiago izan, eta berehala behar dugula antzoki berri eder bat, ze begiratzeko Bilbo, han badutela Guggenheim, eta turistak barra-barra doazela pintxoak jatera, eta, bide batez, praka berri pare bat ere erosten dituztela eta... a, eta kultura oso gauza inportantea dela, noski.
Keinu zatar batekin galleta bat eskaini dit. Berotzen ari da.
-Kasu! Laster, merkatariek erabakiko dute nora joan behar dugun, zer ikusi behar dugun, zer sortu, zer entzun, zer sentitu…
-Laster? Joder, Mari, ongi etorri kapitalismora!