KRONIKA: Espainiako Hockey Txapelketa (Sektore fasea)

Erredakzioa 2016ko urt. 26a, 10:40

Ganbegi Hockey Taldeko Josu Garaio Segurolak idatzitako kronika:

Asteburu honetan Espainiako  Hockey txapelketako lehenengo mailako sektore fasea  jokatu da Laudioko La Granja kiroldegian. Bertan Zaragozako Honigvogel, Kantabriako RS Tenis, Kataluniako Junior FC eta Laudioko Ganbegi HT taldeak  aritu dira.

Sei partiduz osatuta egon da fase hau, horietako lau larunbatean jokatu ziren eta beste bi igande goizean. Txapelketa honen helburua Espainiako fase finalerako sailkapena lortzea izan da, bertan hockey talde indartsuenekin neurtzeko.

Asteburuko lehengo partidua Ganbegi HT eta RS Tenisen artekoa izan zen. Laudioko taldeak gogor egin zion aurre Kantabriakoari, hala ere garaipen argia lortu zuten Santanderrekoek 10-1eko emaitza lortu ostean.

Eguna Honigvogel eta Junior taldeen arteko norgehiagokarekin egin zuen aurrera, honetan katalanek euren nagusitasuna erakutsi  eta garaipen garbia lortu zuten, 6-1eko emaitzarekin.

Junio FC eta RS Tenisen txanda izan zen gero. Bi taldeek partidu benetan ikusgarria eskaini zuten. Katalanek oso joko garbia, azkarra eta landua erabili zuten partidua irabazten saiatzeko, Santanderrekoek berriz joko zuzenagoa aukeratu zuten, jaurtiketa eta penalti asko bilatuz. Azkenean RS Tenisek lortu zuen garaipena, 3-8ko emaitzarekin.

Eguna amaitzeko Honigvogel eta Ganbegi HTren arteko partidua jokatu zen. Oso partidu parekatua izan zen. Ez genuen irabazle argirik ikusi partiduan. Laudioko taldeak oso jokaldi politak egin zituen eta talde lanean ere ederto aritu zen. Azkenean Ganbegik ezin izan zuen partidua irabazi eta 5-4ko emaitzarekin amaitu zen jokoa.

RS Tenis eta Honigvogelen arteko partiduarekin hasi zen igandea. Partidu lasaia eskaini ziguten bi taldeek eta 4-1eko emaitzarekin irabazi zuen Kantabriako taldeak.

Txapelketari amaiera emateko Ganbegi HT eta Junior FCren txanda heldu zen. Katalanek garaipen argia lortu zuten eta 3-10eko emaitzarekin amaitu zen partida.

Nahiz eta Laudiokoek emaitza onik ez lortu txapelketan, positiboki baloratzen dute areto hockeyko denboraldia. Izan ere, beste behin Euskal Herriko txapelketa irabaztea lortu, hockey maila altuena duten taldeekin neurtu eta lan ona egin dute.

Laudion izan dugun txapelketaz gain, Ganbegiko kadeteen taldeak Getxon aritu dira Euskal Herriko areto hockeyeko txapelketaren lehengo partiduak jolasten.  Nesken zein mutilen taldeak oso joko ona egiten ari dira bertan, txapelketaren irabazle izateko hautagai sendoak direla erakutsiz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide