UKML. Atzerritarrak gara

Aimar Gutierrez Bidarte 2015ko ira. 21a, 06:55

Amaieratik hasi genuen bidaia honek amaiera jo du berriz. Zirkulua itxi egin da. Euskal Herritik Euskal Herrira egindako bideak zirkulua itxi duen bezala. Etxerako bueltan goaz, gure etxea aurkituko al dugu bertan?

Ilargi betea. Satelite txikia distiratsu, potolo eta borobil agertzen da Kroaziar kostaldeko badia honen gainean flotatzen. Ilunabarrak morez eta arrosa kolorez tindatu ditu, ekaitzaren ostean, zeruan dirauten laino apurrak. Isilik eta lasai dago ingurua. Adriatikoko olatuek kostalde malkartsuaren kontra egiten dute emeki emeki. Inguruaren handitasunaren aurrean, kala txiki honetan instalatuta dagoen dutxa piztu dut, biluzik, itsaso zabalera begira. Bizitzan, erraietaraino disfrutatzen den momentu magiko bihurtu da dutxa. Noizbait, etxera heldu aurretik Gure burua garbitzeko azken aukera izan dezakegu gaur.

Sarajevotik Kroaziarako bidaiak Rijeka herrira ekarri gintuen. Kostaldeak ilusio handia piztu zuen gugan. Herriaren kanpoaldean zegoen luxuzko auzo bateko biltegi zahar abandonatu batean igaro ditugu hiru egun; eguneko 24 orduak itsasoko urekin konpartituz. Lehenengo gauean ekaitz bortitz bati egin behar izan genion aurre. Tximistek gure kobazuloa argitu zuten, goizaldeko haizeek hodei ilunak ekialdera bidali zituzten arte.

Adriatikoaz hiru egunez gozatu ostean, Laudiora bidea hartu dugu; inguruko etxeetako auzokide dirudunak, euren atarian lo egin duten bidaiari baldarrez nazkatu aurretik. Bost eguneko bidaia dugu aurretik, Italia eta Frantzia zeharkatu beharra.

Eslovenia autobus bateko leihatilaren atzetik ikusi ostean Trieste hiri italiarrera heldu gara. Gure bizitzako bi ordu baino ez dizkiogu eskaini mugaldeko hirihoni. Adriatikoaren ertzetik jarraituz, Veneziarantz bideratu gara. Trenak Veneziako kanal nagusian bertan utzi gaitu. Venezia fartsa handia izatearen beldur ginen, hain liluragarria ez izatearen beldur; baina ez, telebistak saltzen duen bezain ikusgarria da. Hori bai, Venezian ez da veneziarrik bizi, turistentzako parke tematiko erraldoia da, horra hor benetako fartsa. Kanaletatik paseatu eta izozki italiarrez tripak bete ostean, tren geltokian egin dugu lo. Esnatzerakoan, estazioko bezeroek ikaraz begiratzen gaituzte, maletak gogor heldu eta korrika igarotzen dira gure ondotik, lapurtzat hartzen gaituzte antza. Ulertzekoa da, beldurra eman behar du kalean lo dauden sei tiporekin aurrez aurre topatzea. Guk ordea, munduko diru guztiaren trukean ere, ez genioke gure lo-zakuen erosotasunari uko egingo.

Veneziatik Genovara. Italiako ekialdetik mendebaldera. Adriatikotik Mediterraneora. Gauerdian heldu gara eta tren geltokia eta goizaldeko laurak bitarte itxi behar dute. Kalean egingo dugu lo beste behin. Esnatu eta hiria ezagutzera goaz. Ordu gutxi ditugu, Marseillara trena eguerdian abiatuko da. Alde handia dago Genova eta Venziaren artean. Genovan bizitza igartzen da kalean. Alde zaharra ikusgarria da, kale estu eta ilunak labirinto bihurtzen dira etorri-berrientzat. Herri mugimendua indartsu dagoela nabaritzen da pintadaz jositako hormetan. Etxe okupa ugari. Kapitalaren Europaren kontrako lubakia Genova.

Azken egunetako tradizioari jarraituz, gauean heldu gara Marseillara. Hiria zeharkatu eta kostaldean egin dugu lo, I. Mundu Gerrean hildakoei eskainitako eskultura baten ondoan. Goizean bainu azkar bat eta korrika joan gara hurrengo trena hartzera, txiripaz harrapatu dugu. Marseilla, Narbona, Toulouse eta Pauen oheratu.

Paueko gaua ekaitzen konpainian igaro dugu. Hurrengo eguna ilun eta fresko esnatu da. Pirinioen oinetan dagoen herri Frantsesean gosaldu eta Baionarako trena hartu dugu. Orain bai, bueltan goaz.

Baionan oina jarri orduko etxean sentitu gara. Jaiek Lapurdiko hiriburuko kaleak hartuak dituzte. Etxe zuri-gorrien balkoietatik ikurrinak. Euskal presoen etxeratzearen aldeko aldarri bakan batzuk han-hemenka. Musika eta arropa zuri-gorriz jantzitako jendea. Euskal Herrian gara, bihar Laudion. Goazen orain jai giroan murgiltzera!

Txaranga bati jarraituz erdigunera heldu gara. Frantzia osoan "Baionako feria" bezala ezagutzen dituzte jai hauek, jai eredu horrek talka egiten du Euskal giro lokalarekin. Hiriko jaiak ulertzeko bi mundu antzematen dira kalean. Berlin talkaz betetako hiria zela idatzi nuen behin, Baiona ere ez da atzean geratzen.

Gazte mugimenduak txosna-gune bat antolatu du aurten lehendabizikoz, giro herrikoi atsegina bai, baina parte-hartze gutxikoa. Guri bost, etxean gara berriro. Ukabilak eta kopak altxa, lehenengo kontzertua hastear da, Barakaldoko gazte batzuk oholtzan.

Gazte baten lepotik zintzilik dagoen zapi gorri batean fijatu gara. Tela gorriaren gainean "Bayone" dauka bordatuta hain abertzalea eta aspergarria den "euskal" tipografia folklorikoaz, azpian ikurrina bat eta honen gainean hain arrotza zaigun Osborneren zezen famatua. Burua bueltaka hasi zaigu: Nor da hemen arrotza dena? Hau al da gure herria zena?

5000 kilometro luze izan dira. Asko izan da ikasitakoa eta ikusitakoa. Asko izan da ere narrazio labur honetan isildutakoak. Inori inoiz esango ez dizkiogunak eta tabernetan hamika aldiz kontatuko ditugunak ekarri ditugu.

25 egun luze izan dira. Ostatuetan babespean lo egindako 10 gau, kale gorrian igaro ditugun beste 14. Asko izan da bertan utzitakoa. Asko ere bidean ezagututako pertsonak; asko memoriaren labirintoan ahaztuko ditugunak, asko, noizbait, berriz ere aurrez aurre gurutzatuko ditugunak.

11 herrialde izan dira. Zenbat hiri? Berlin, Praha, Bratislava, Krakovia, Budapest, Belgrado, Sarajevo, Zagreb, Rijeka... Ukaezina leku bakoitzak gugan utzi duen ezaba ezina den marka.

Eta bueltan gara, bai. Zirkulua itxi dugu. Ez dugu hain okzidentala den "sindrome post-vacacionalik" pairatuko; bai akaso, Estokolmoko sindromea, bahituta izan gaituen Europa honekiko, aldi berean itsusi zein eder izan daiteken Europa honekiko. Bueltan gara, duela hilabete atzean utzi genituen mendietara, kaleetara, gaztetxetara, tabernetara, konpainietara... Gauza bat sakon barneratu dugu: gauden lekuan gaudela atzerritarrak garela.

Baina bidaia ez da amaitu. Hasieran gara berriz. Bizitza den bidaia luze honetan etapa labur bat izan da soilik abenturatxo hau. Amaieratik hasi zen istorioa, oraindik, amaieratik urrun dagoela ulertu dugu. Makina martxan da berriro ere. Bizitzako zein estazio izango du hurrengo geraleku? Trenera beste behin igotzeko prest?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide