UKML. "Safe European Home"

Aimar Gutierrez Bidarte 2015ko ira. 20a, 10:05

Bidaia kronika hau amaieratik hasi nuela idatzi nuen lehengoan, etxeko erosotasunetik idazten nuela, istorioak aurrera egin ahala gertatu beharrekoen jakitun nintzela. Gauza asko ikusi eta bizi izan ditugu eta orain etxeko erosotasun honetatik gauza guzti horiek euren testuinguruan jarri eta perspektiba bereganatu dugu.

Europa hil izana ospatzen zuen Goseren abesti batek. 12 egun daramatzagu bidaian eta baiezta dezakegu Europa ez dela hil, inoiz baino biziago dagoen basapiztia dela. Eta gu, gu itsu. Bilderberg Buru Batzarra jaun eta jabe, mass-media, bala zuloak... Ez, hau ez da The Clash-ek kantatzen zuen "Safe European Home".

Bidaiak Budapesteko Keleti tren geltokira ekarri gaitu. Egun beroak izan dira Krakovian eta Budapesten. Kale zabal, eraikin dotore eta plaza erraldoiez jositako hiri ikusgarriak biak. Gure hurrengo urratsak Belgradora eraman behar gaitu, Serbiara, Jugoslavia zaharra.

Gure ezjakintasunean Budapesteko tren geltokia goitik behera paseatu dugu, gauean Belgradora eramango gaituen trenaren zain. Handik gutxira, Keleti estazioa, gure kontrako noranzkoan, euren herrialdeetako sarraski eta miseriatik ihes, Europan babesa bilatu nahi duten errefuxiatuen amets gaizto bihurtuko da. Orain erdi utzik dagoen nasa, trenera igo ezingo diren familia desesperatuz beteko da. Hungariako gobernuak neurri zorrotzak hartu behar ditu errefuxiatu hauen aurka, eta ez da herrialde bakarra izango. Neurri zorrotzak? Hitz egin dezagun argi, neurri faxistak.

Faxismoaz hari garela, eta Belgradoko trenari ateratzeko 30 minutu falta zaizkiola aprobetxatuz, azalpenak eman beharko Polonian eta Hungarian ikusitakoaz. Ulergaitzak diruditen jarrera eta ideologiak inpunitate osoz paseatzen dira kaletik, harroputz. Pintada "ultrak" nonahi. Hirugarren Reich-eko ikur izandako arranoa gazte baten kamisetan, homosexualen kontrako aldarriak beste batean. Esbastikak, esbastikak edonon. Nazien ikurrez jositako erlikiak Krakoviako gure ostatuaren azpiko azokan. Hau al da faxismok hain gogor kolpatu zuen Europa? Beldurra ematen du Europa honek.

Ailegatu da trena. Eguzkiak aspaldi ezkutatu da geltokiko kristalera handien atzetik. Tren zaharra da, kiratsa dario. Gure eserlekuetan eseri gara ahalik eta erosoen; deseroso. Motel habiatu da. Begiak itxi orduko interbentorea etorri zaigu: motxilak behera, billeteak gora, hasperenak... Loak berriz gu hartzear dagoenean Hungariako polizia agertu da,hauek ez dute billeterik nahi. Pasaporteak aztertu, derrigorrezko zigilua bota eta ospa egin dute. Beste kontrol polizial bat igaro beharko dugu, Serbiar poliziak eskainia, azken interbentore batek billetea eskatu arte. Europak harresirik ez duela? Harresiz beteta dugu Europa; klase, genero, jatorri edota orientazio sexual "egokiak" ikusezin bihurtzen dituenak, baina egon badirenak.

Gau luzea gaurkoa. Sobietar Batasuneko errautsetatik  Titoren Jugoslaviako hondarretara. Europa zeharkatzen zuen mamu hura non geratu ote da?

Eguna esnatzearekin batera esnatu gara gu Belgradon. Estazio zaharkitutik etorbide zabal batera. Goizeko 7:00ak eta 36 gradu, egun berotsu baten iragarpen. Ezkerretara jo dugu. Parke baten aldamenera heldu eta orduan ikusi ditugu. Milaka pertsona, familiak, kanpin-denda okertuetan goiz eguzkitsua agurtzen. Haurrak jolasean ari dira jendetzaren artean. Errefuxiatuen kanpamenduaren ondotik pasa gara, gertatzen hari zena ulertu ezinik. Hilabete luze pasa beharko da paria hauen miseria albiste izateko, ordurako, prentsak oraina delakoan saltzen diguna, errefuxiatu askoren iragana izango da dagoeneko, beranduegi. Europako atarian daude, babes ezari kondenatuak. Gure Europa segurua.

Gau bakarra igaroko dugu Serbian, bihar bertan Sarajevora goaz autobusez goaz. Bidaian dastatu dugun lehenengo kafe onaz gain, ezer gutxi dauka Belgradok guri eskaintzeko, Jugoslaviako hiriburu izanak sor ditzakegun zirraraz salbu.

 Iluntze partean hiria zeharkatu dugu Bosniara eramango gaituen bus agentziaren bulegoetara. Erdi eroritako adreilu gorriko eraikin batekin egin dugu topo. Bonbardaketen ondorioz zulo tzar ilunez josita dago. Gobernuaren eraikin izandakoa da duela ez hainbeste. Militarrak han-hemenka dabiltza munstro eroria zaintzen. 20 urte pasa dira Balkanetako gerrateak Jugoslavia zatitu eta desagerrarazi zuenetik. 20 urte OTANeko kanoiek muturren aurrean dugun edifizioa bonbardatu zutenetik. Hipnotizatuta geratu gara begira. Militar batek aurrera egiteko keinua egin digu.

Duela 20 urteko OTANen tiro hotsen oihartzuna entzuten da gaur ere, hain urrun ez dauden Ukraina eta Siriatik. OTANen eta bestelako aberrazio militarren tiroetatik  ihes egin behar izan duten milaka lagun daude, gaur ere, Europako belarri gorretara oihuka, Belgradoko estazio ondoko parkean zain.

Ostatura bueltan, Tito izeneko etorbidean dagoen McDonald's baten iragarki erraldoi argitsu bat. Zenbat ironia gure Europa baketsu honetan.

Derrigorrezko kaña kale lasai bateko terrazan eta lotara goaz. Bihar hiri gris honetatik hanka.

Sei orduz zeharkatu ditugu Serbiako lautadak eta Bosniako mendiak, azkenik, Sarajevon agertzeko. Balkanetako tontorrez inguratutako hiri magikoa da Sarajevo. Etxe txikiek modu kaotikoan egiten dute mendi magaletan gora. Meskitetako "minarete" altuek zorrotz altxatzen dira zerurantz. Tranbia zaharkitu bate kale nagusi estuan doa aurrera bere bidean uxoak usatuz. Eta eraikin guztietan, bala zuloak. Ia lau urtez setiatuta pasa zuen Sarajevok ezin izan ditu sarraskiaren arrasto guztiak ezabatu. Hilerriak ikusten dira urrutian eta hauetan errepikatu egiten diren datak: 1993,1994... Bala zulo gehiago. Beruna. Leku odoltsua hau.

Ostatua erdigunetik oso gertu daukagu. Planta bakarreko etxe txiki zaharra eta patioa Sarajevoko biztanleekin konpartitzen dugu. Leku lasaia da. Ostatuaren jabe andre alaitsu eta gizon sudurluze isil bat dira; Bosniako gure familia txikia. Kotxe Poloniar bat heldu da etxeko patiora, gizon sudur luzeak mespretxuz begiratu eta biraoka hasi da.

Sarajevok eskuzabalik hartu gaitu. Gutxien daukatenak gehien eskaintzen dutenak direla aise erakutsi digu hiri liluragarria honek. Bidaia luzea eta korapilatsu batek ekarri gaitu Bosniara, atseden hartzeko unea dugu hau: Merkatu musulmaneko usain goxoen artean galdu, bero jan, ondo lo eta ilunabar gorriez gozatu. Helduko zaigu bidaiari ekin eta Kroaziara joateko ordua; oraingoz gera gaitezen hemen, mendi arteko, gure Europa seguruko txoko urrun honetan eta egin dezagun topa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide